Aparteko jokorik ez, baina seriotasun handiz. Halaxe jardun du Aloña Mendik gaur Azkoagainen. Aurrean indartsu zegoen Hernani, azken partiduetan maila ona eman eta sailkapeneko aurrealdeko postuetara arte igo den taldea. Hain zuzen, lehen zatian kanpotarrek baloiaren eta jokoaren kontrola izan dute, baina atzealdean ondo kokatuta zeuden txantxikuak, eta hernaniarrek ez dute aparteko gol arriskurik sortu.
Etxekoek, berriz, eraginkortasun handia agertu dute erasoan. Izan ere, kontraeraso azkar batean Unai Gilek baloia eman dio area barruan Aimar Lizarrari, eta honek, Gonzalezen aurrean, baloia behe-behetik jaurti eta 10ekoa egin du. Hor ez dira lehen zatiko lanak amaitu, oñatiarrek estrategia jokaldi bat bikain gauzatu dute, eta Xabier Irizarrek ateratako kornerra Martxel Aiastuik errematatu du saretara (2-0).
Bigarren zatian, sufrikarioa
Bigarren zatia hernaniarren presioarekin hasi da, markagailuan aldea txikitu gura zuten-eta. Aukera garbirik sortzeko gai ez baziren ere, 63. minutuan, jokoz kanpoko egoera garbian aldea murriztea lortu dute. Gol horrek urduritasuna ekarri du harmailetara, eta baita berdegunera ere. Minutu batzuetan jokalariak epailearekin tematuta ibili dira, aurreko jokaldiko injustizia salatu guran, baina ordezkoen aulkitik ondo agindu diete, "sartu ostera ere partiduan", esanda. Hala, sufritzea egokitu zaie, baina hor ere ez du Hernanik apartekorik erakutsi.
Haserre epailearen lanarekin
Epailea zorrotz ibili da etxekoak zigortzerako orduan, zazpi lagunek ikusi dute-eta txartel horia. Larriagoa izan da Hernaniren golaren jokaldia, marrazaina nahastu egin delako, baina gola ontzat eman dute. Bigarren zatian pasa beharreko estuasunetan eragin du horrek, baina ez puntuen banaketan. Gaur hirurak geratu dira Azkoagainen, eta mamuak uxatu dituzte.
Josu Juaristi elkarrizketatu du GOIENAk partidu amaieran. Partiduaren laburpena 22:00etan Harmailatik saioan.
Gainontzeko taldeen errepasoa
Zapatuan Mondrak 1-1 egin zuen Errenterian, Touringen kontra. Eta, Aretxabaletak Aloña Mendiren ordu berean jokatuko du, gaur Ibarran. Hala, UDAkoak ere puntu bakarraz konformatu behar izan dira, Hondarribiaren kontra 0-0 eginda. Erregional preferentean Bergarak lidergoa sendotu du, Getarian 1-2 irabazita, eta Mondraren eta UDAren arteko derbian joan den asteko emaitza errepikatu da, 1-1ekoa.