Aurrekontuak lantzen ari dira EH Bildu eta EAJ

Aurtengoa baino %10 baxuagoa izatea da EH Bilduren proposamena, inbertsioetako kopurua jaitsiz eta gastu soziala mantenduz. EAJ herritarrengandik heldutako ekarpen eta proposamenak lantzen ari da aurrekontuetan zein batzordetan sartzeko.

Abenduaren 22an egingo den osoko bilkuran aurrekontuak eztabaidatuko eta bozkatuko ditu udalbatzak eta EH Bildu zein EAJ horiek lantzen ari dira.

Udal Gobernuaren proposamena 2017ko aurrekonturako da 17.871.000 euro, aurtengoa baino %10 baxuagoa. Inbertsioak %37 jaitsiko eta gastu sozialak mantenduko direla ere azpimarratu du Udal Gobernuak bidalitako prentsa oharrean. Gehitu du aurrekontua orekatua izango dela eta sarrera arruntek gastu arrunta estaliko dutela, emaitza positiboa izanik.

Inbertsioak

Datorren urtean egin gura dituzten inbertsioen artean, "Eltzia pareko gunean ur jolas eta aisialdi gunea egokitzea eta Etxaluzeko parkearen egokitzapena" jaso dute. Baita Olakuako jabekideekin batera egingo duten urbanizazioa ere.

Ekonomia zein finantza egoerak "osasuntsuak" direla dio Udal Gobernuak baina ziurgabetasun batzuk badirela energiari lotutakoak. Zorpetzea bi miloi eurokoa izango dela ere du, "azken hamarkadetako baxuena". Gaineratu du euren asmoak abenduaren 5ean jakinarazi ziotela EAJri, eta "proposamen guztien ekarpenak kontuan hartuta aurrekontua aho batez onartzea" dela euren nahia.

Ekarpenak

Alderdi jeltzaleak ere aurreratuta du aurrekontuen lanketa. Diote ekarpen eta proposamen asko jaso dituztela herritarrengatik, eta horiek lantzen ari dira. "Partida ekonomiko berezia behar dutenak aurrekontuetan jasotzeko proposatuko ditugu eta besteak urtean zehar egingo diren batzordetan aurkeztuko", dio Lourdes Idoiagak, EAJren udal bozeramaileak.

Herritarrengandik ekarpenak zein kexak jaso dituztela adierazi du Idoiagak: "Adibidez, TAOren aurka herritarrak zein merkatariak azaldu zaizkigu, eta guk egindako planteamenduarekin bat datozela esan digute. Zabor bilketa edukiontziz egitea ere eskatu digute eta argiteria eskasa dagoen tokiak zeintzuk diren esan. Kale Zaharrean prozesu parte-hartzailerik ez dela egon ere jaso dugu eta zaraten mapa eta bizikleten erabilera txarra aipatu digute. Herriko paretak zikintzen dutenei isunak jartzeko eskatu digute eta jolas parkeetan gutxituendako kanastak jartzea. Baita parrokiako kanpaiak gauetan berriz jotzea ere".

Lourdes Idoiagak adierazi du ardatza kexa eta proposamen hauei erantzutea izango dela eta adin guztietako herritarrak hartzea kontuan. Ekarpenak jasotzen jarraituko dutela ere esan du, "aurrez aurre zein mailez".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.