Eskualdeko merkataritzaren ezaugarri diren balore, irudi eta prestigioa adierazten dutelako saritu dituzte '10 bitxiak'. Eskualde bakoitzeko merkatariek aukeratu dituzte hamar merkataritza hauek eta Debagoienekoek Oñatiko Maibi dekorazioa eta ehungintza denda aukeratu dute.
Egubakoitzean, azaroaren 25ean, jaso zuten saria, Donostian. Maribi Arregi ama eta Argiloain Perosterena, alaba, joan ziren saria jasotzera. "Oso pozik gaude, oso. Niretako bultzada bat da lanean jarraitzeko eta amarendako, berriz, bizitza osoan egindako lanaren errekonozimendua. 16 urte zituenean hasi zen dendan lanean eta 74 bete berri ditu", azaldu du Perosterenak.
Saria 'ezustean' jaso duela ere aitortu du Argiloain Perosterenak: "Bagenekien Arrasateko zortzi denda aurkeztu zirela eta ez genuen espero saria guretzat izango zenik. Eskerrak eman gura dizkiegu gure aldeko botoa eman duten denei, eta baita gure bezeroei ere".
Gipuzkoako Merkataritza Enpresa saria Zarautzeko Croqueta y Presumida enpresa komertzialak jaso du.