Neurketaren ondorioz atera diren emaitzak hauek dira:
Unibertsitate Etorbidea – Txaketua Bidegurutzea.
- Egunean bataz beste 3.631 ibilgailu pasatzen dira, hauetatik 21 ibilgailu astunak direlarik.
- 30km/h muga dago ezarria gune honetan eta ibilgailuen %19ak ez du abiadura muga errespetatzen (5 ibilgailutik batek).
Kalegoiena GI 2630 errepidean.
- Egunean, bataz beste, 10.598 ibilgailu pasatzen dira, hauetatik 429 astunak direlarik.
- 50 km/h muga dago ezarria gune honetan eta ibilgailuen %8k ez du abiadura muga errespetatzen.
"Neurketa hauen helburua, Txaketuako bidegurutzea arratsaldeetan ixteko egitasmoaren aurreko eta ondorengo diagnosi bat egitea da. Aipatu ekintza honen helburu nagusia, egun trafiko handia dagoen erdiguneko puntu batean oinezkoendako gune seguru bat egitea da. Izan ere, oinezkoen bi eremu lotzen dituen puntua da bidegurutze hau, eta oinezkoek lehentasuna daukaten arren, jasotako datuek azaltzen digute bertan ez direla hauen segurtasuna eta eskubideak bermatzen", azaldu dute Udaletik.
Horretaz gain, epe laburrean, oinezko eta bizikletadunen elkarbizitza egoki baterako arautegi bat adostea da Oñatiko Udalaren helburua. Irati Etxeberria Hirigintza eta Zerbitzuetako batzordeburuaren esanetan, ”oinezko guneetan oinezkoak du lehentasuna, eta premiazkoa da gai honi arduraz heldu eta bizikidetza arauak adostea”.