Urtero moduan, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza antolatu dituzte herriko ikastetxeek. Aurten, abenduaren 3a zapatua da eta egun bat lehenago ospatuko dute, abenduaren 2an –egubakoitza–.
Berrikuntza nagusia, esan moduan, hiru ikastetxeetako –Elkar Hezi, Txantxiku Ikastola eta Urgain– Lehen Hezkuntzako ikasleek egingo duten lip dup erraldoia izango da. Urkoren Guk Euskaraz abestiarekin –originala eta Xaramela taldearen bertsioa– osatuko dute.
Maila bakoitzak 20 segundo
Ikastetxe bakoitzeko maila bakoitzak 20 segundoko tartea izango do lip dub-ean. "Hainbat koordinazio bilera egin ditugu, ikastetxe eta maila bakoitzak egin behar duen tartea zehazteko", adierazi du Iñaki Akizu udaleko euskara teknikariak. Gaineratu du ikastetxe bakoitzak erabakiko duela nola jorratu dagokion tartea –mozorroa, koreografia eta abar nola egin–.
Goizean zehar, pare bat entsegu egingo dituzte eta grabaketa 15:00etan izango da. Hala ere, entseguak izan arren, grabatu egingo dituzte eta ondo eginez gero, balekoak izan daitezke.
Eguraldi txarra eginez gero, beste egun baterako utziko dute grabaketa.
Ibilbidea
Honakoa izango da ibilbidea: San Juan kalean hasi, Santa Ana antzoki aurretik igaro eta Gernikako arbola ondotik pasa ondoren, udaletxeari bi buelta emango diete. Azkenik, udaletxean sartu eta eskaileretatik balkoira joango dira, plazako ikuspegi orokor batekin amaitzeko, guztiak elkarrekin.
Bihar, afari-tertulia
Bihar, eguaztena, afari-tertulia egingo dute Makalena elkartean, 19:00etan. Jone Miren Hernandez ikerlari eta EHUko irakaslearekin.
Egubakoitzeko egitaraua
-12:00etan, Antzerki-solasaldia. Murua antzerkia Batxilergoko ikasleentzat, Santa Anan. Ondoren, solasaldi irekia aktoreekin.
-15:00etan, Lipdub erraldoia, Lehen Hezkuntzako ikasleek.
-16:30ean, Gauargi taldea, plazan.
-18:00etan, Familixan kantu saioa. Euskal kantuak abestuko dira familia giroan, kontzejupean. Horrez gain, txokolatea eta euskararen aldeko mezua duten bizkotxoak salduko dituzte.