Ordubete inguruko emanaldia eskaini dute. Kontzertuan zehar, pantaila bat jarri dute fondoan, Santa Ageda eguneko irudi batzuekin girotzeko.
Bi obra estreinatu dira. Batetik, Vals Euskalduna, Francisco Esnal abadeak pianorako konposatutakoa eta Iñaxio Ibarrondo Udal Bandako zuzendariak bandara egokitutakoa. Bestetik, Santa Ageda obra, Oñatzek zenbait dantzekin osatu duena.
Azken hau kontzertuari bukaera emateko baliatu da. Hiru taldeak elkarrekin aritu dira ordu laurden batez, Inaxio Ibarrondoren lana interpretatzen. "Santa Ageda obra ederra izan da, apoteosia", azaldu du Errastik. "Dantzariek ere ederki egin dute euren lana eta emaitza zoragarria izan da".
Jendea ere oso gustura egon dela nabarmendu du Errastik. "Txalo zaparradak entzun dira, jendea zutitu ere egin da. Beraz, denok gustura", bukatu du.