Lehen garaipenaren bila

Eneko Azurmendi 2016ko aza. 25a, 10:27
Emaitzek lagundu ez arren, baikor dira oñatiarrak.

Emakumezkoen Euskadiko Senior Mailako azkenengo postuan dago Iturritxo Taberna Aloña Mendi, partidurik irabazi gabe; hala ere, azken partiduetan gorakada nabarmena erakutsi dute jokoan eta sinetsita daude egoerari buelta emango diotela.

Ez zuen denboraldi hasiera samurra eduki Iturritxo Taberna Aloña Mendik. "Urrian hasi genuen denboraldia eta iraila erdi inguruan, jokatzeko moduan zeuden bederatzi jokalari geunden taldean. Gainera, entrenatzailerik ere ez genuen", adierazi du orain entrenatzailea den Ixone Lizarrak. Izan ere, berak ere ez zeukan garbi zer egin. "Hasieran, lesionatuta egon arren, sendatutakoan jokalari moduan aritzea zen nire asmoa. Hala ere, entrenatzailerik ez zegoela ikustean, ardura hori nire gain hartzea erabaki nuen", adierazi du Lizarrak.

Esan moduan, egoera ez zen erraza. "Aurre-denboraldia ez genuen behar bezala egin, berandu ibili ginen. Hala ere, taldea ateratzeko moduan geunden eta aurrera egitea erabaki genuen", azpimarratu du Lizarrak.

Hasieran, lehiatu ezinik

Baja garrantzitsuak izan ditu taldeak. Iaz maila onean aritu ziren zenbait jokalari atzerrian daude eta beste batzuk, berriz, lesionatuta. Horrez gain, talde berria da, jende gazte askorekin. "Taldea egin gabe zegoen hasieran, asko kostatzen zitzaigun ondo jokatzea. Lehenengo partiduetan lehiatu ere ez genuen egiten, egoera ez zen erraza", zehaztu du entrenatzaileak.

Entrenamenduetan, jende gutxi

Gaur egun, 14 jokalarik osatzen dute taldea. Horietako asko, ordea, kanpoan ari dira ikasten eta egubakoitzetako entrenamenduetan bakarrik entrenatzen dute. "Astean zehar jubenilekin entrenatu behar izaten dugu, jokalari gutxi daude eta. Astean entrenamendu bakarra –egubakoitzekoa– egiten du talde guztiak elkarrekin eta horrek ere, eragin handia du", zehaztu du entrenatzaileak.

Pixkanaka, goraka

Egoera zailean badaude ere, azken partiduetan beste itxura bat ematen ari dira eta pixkanaka hoberantz egiten hasi da taldea. Partidurik irabazi gabe segitzen duten arren, joko aldetik asko hobetu dute oñatiarrek. "Orain, behintzat, taldeak partiduak lehiatu egiten ditu eta itxura ona ematen ari gara azken partiduetan, nahiz eta emaitzek ez diguten laguntzen", dio Lizarrak, baikor.

Konfiantza osoz

Jokalariak zein entrenatzailea, konbentzituta daude egoerari buelta emango diotela. "Azken partiduetan hartu dugun dinamika honetan segitzen badugu, ziur nago emaitzak etorriko direla. Lehiatzeko moduko taldea daukagu eta konfiantzaz beteta gaude", dio Lizarrak.
Aldaketarako bidean, Aiala Z.K.E. taldea hartuko dute etxean oñatiarrek, bihar, zapatua, Zubikoa kiroldegian, 17:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak