Elkarretaratzera beltzez joateko deia egin du Oñatiko sare feministak

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko aza. 25a, 09:25
Puntu morea jarrita dago herriko hainbat etxebizitza eta komertzioetan

Sare feministak deituta elkarretaratzea egingo dute gaur 18:30ean Foruen plazan eta 22:30ean neskek antzeztutako 'El florido pensil' antzerkia egongo da Santa Anan. Bihar koloretako murala egingo dute Gorritxitxiko tunelean 10:30etik aurrera.

Azaroaren 25a da gaur, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta udalak dei egin du aurten ere puntu morea jartzeko herriko etxebizitza, ikastetxe, lantegi zein komertziotan, ikur horrekin indarkeria matxisten kontrako jarrera adierazteko.

Beltzez

Moreaz gain, baina, kolore beltza ere erabiliko da gaur Oñatin. Sare feministak, adibidez, elkarretaratzea egingo du. 18:30ean izango da, Foruen plazan dagoen kioskoaren aurrean eta "2016an biolentzia matxistak erail dituen emakumeen oroimenez" egingo dute. Horregatik, elkarretaratzera beltzez edo arropa ilunekin joateko deia egin du herriko sare feministak.

Gaurko antolatu den beste ekitaldi bat, neskek antzeztutako El florido pensil antzerkia da. Santa Anan izango da, 22:30ean, eta sarrera gutxi gelditzen dira. Internet bidez sal daitezkeen guztiak salduta daude dagoeneko eta 30 bat besterik ez dira egongo gaur leihatilan. Sarrera da 10 euro.

Kolorez

Bihar berriz, koloretako mural erraldoia egingo dute Errekalde eta San Lorentzo auzoak lotzen dituen Gorritxitxi tunelean.

Muralean emakumeak ikusiko eta mezu hau irakurriko da: Libria izan gura dot, ez balientia. Herriko emakume taldeekin batera adostu zuten nolako murala egin, Ainara Azpiazu Axpi-rekin batera. Bera izango da zapatuko lana koordinatuko duena. "Diseinua eta leloa erabakita daude eta horrekin egin dut nik eredua, txantiloia. Zazpi metro luzeran eta 2,5 metro alturan izango ditu. Herritarrekin batera egingo dugu eta askeak izango dira lanerako, baina muga batzuk ere egongo dira. Estetikoki koherente xamarra izan behar du muralak eta nik izango dut horren ardura", azaldu du Ainara Azpiazuk.

Egun osoko lana izango da biharko hori. "10:30ean elkartuko gara Gorritxitxin eta antolaketa egin ostean hasiko gara lanean. Nire asmoa da goizean egitea lanik handiena eta arratsalderako detaileak eta mezua uztea. 18:00ak aurretik bukatzea gurako nuke, tunelean argia izan arren hotza ere egingo du-eta", zehaztu du Axpi-k. Pinturak eta brotxak berak eramango ditu eta herritarrei gomendatu die zikintzeko moduko arropekin eta oinetakoekin joatea.

Oñatin indarkeria matxistak duen argazkiaren diagnosia ere egin du udalak eta horren berri gaurko Puntua aldizkariak dakar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak