Estu eta larri ibili dira Izarraitz-Muñoz Aloña Mendiko mutilak Escolapios Zubikoan gainditzeko. Hala ere, 25-23 irabazi ondoren lider jarraitzen dute Aitor Aranbururen mutilek. Kiroldegiko harmaila lepo bete da beste behin, taldea gertutik animatzeko, eta jokalariek eskertu dituzte partida bukaeran zaleen animo beroak.
Lehenengo zati eskasa jokatu du Oñatiko taldeak eta Escolapiosek, sailkapeneko 10.ak, ezustekoa eman du Zubikoan defentsa sendoarekin. Atsedenaldira, hala ere, 13-12 markagailuan goitik joan dira Aranbururen mutilak.
Bigarren zatian, estu-estu egon da norgehiagoka, eta talde batek ere ez du lortu bi goleko aldea gainditzea (13-13, 14-13, 15-15, 17-17, 17-18). 20-18 aurreratu da etxeko taldea, erasoan bi jokaldi on asmatu ondoren, baina Escolapiosen erantzuna bikaina izan da, eta markagailua irauli egin du (20-21). Aloña Mendiko erasotzaileek Escolapioseko atezainaren gelditu ikusgarriekin topo egin dute behin baino gehiagotan, baina 23-23 berdindu ondoren, kantxako bi ateetan sakatu dute Oñatikoek, Zubikoan bildu diren zaleen animoek gidatuta. Azken markagailua 25-23koa izan da etxekoen alde.
Ford Mugarrik 27-30 galdu du
Arrasateko taldeak ezin izan du Txikipoliten kontra Iturripen garaipena lortu, eta atzerapauso nabarmena eman du sailkapenean. Urduliz, hirugarren sailkatua, hiru puntura dute orain Ford Mugarrikoek.