Hemen, jarraian, Elkar diskoetxeak banatu duen oharra, oñatiarraren azken diskoari buruz.
"Lehen kantuaz baliatzen da Oñatiko koblaria, entzulearengan sartzeko, bere barrenak epeltzeko, egunsentiaren argiak basoan egiten duten legez. Hortik aurrera ibilbide naro eta gustagarri bat proposatzen du, interpretazio bikainaren leuntasun apain bezain sujerikorraren laguntzaz. "Ireki iezadazu atea…" dio, eta ateak zabal-zabal uzten ditu ondorengoentzat.
Maila altueneko musikarien bila joan da berriro New Yorkera eta aurrekoetan bezala, denak batera zuzenean erregistratuta burutu da grabaketa (Tony Scherr, Kelly Wollesen eta Jamie Saft). Musikarion esperientzia eta talentua pultsu honetan mantentzen jakin izana da, neurri handi batean, diskoak eskaintzen duen sonoritate deigarriaren arrazoia. Azpimarratzekoa da, bestalde, gerora Arkaitz Miner musikariak grabatutako biolin eta soken tratamendua.
Kantuak, berez, energia ahalmen handikoak dira, eta musikarien intentzioak areagotzen du ezaugarri hau, intentsitateari eutsi ondoren euren emariari bide ematean. Aurreko guztiaren ondorioz diskoak, batez ere, nortasun sendoa erakusten du, klasikoa eta egungoa batera, jaioberri izanik ere, iraunkor izateko sena iragartzen duela.
Sorkuntzari gagozkiola, doinu guztiak, hala nola hitz gehienak ere, Ruper Ordorikaren konposizioak dira, salbu eta hiru kantuotako hitzak: Kontserba fabrikaren aurrean (Joseba Sarrionandia), Mare nostrum (Eva Linazasoro), eta Munduko ostatuetan (Gary Snyder-ren jatorrizko olerkia Ordorikak egokitua).
Abesti trinkoak dakartza kantariak Guria ostatuan izeneko berri honetan. Oso errealak eta komunak diren momentu, oroitzapen eta sentipenak indar poetiko handiz marraztuta, kantuen berotasunera hurbiltzen gaitu atseginki, ostatuko su baxuaren ondoan tarte gogoangarri bat igarotzeko".