Natra Oñatik eta Tabirakok Zubikoan jokatu duten partiduak bi zati ezberdin izan ditu. Lehenengoan, oñatiarrak izan dira nagusi. Ondo jokatu dute, bai kanpoko zonan eta baita taula azpian ere. Horren guztiaren ondorioz, abantailaren heldu dira atsedenaldira: 35-30. "Lehen zatian gustura jokatu dugu. Gure jokoa egin dugu", esan du Aitor Ugarte entrenatzaileak.
Bada, bigarrenean etorri da aldaketa. Tabirakok defentsa aldatu du. Zonakako defentsa egiten hasi da. "Asier de la Iglesiaren barruko jokoa moztu gura izan dute horrekin eta baita lortu ere", aipatu du Ugartek. Natra Oñatik beste era batera jokatu behar izan du eta ez du saskirako bidea topatu. Gainera, durangarrek hiruko sei jaurtiketa sartu dituzte eta markagailuari buelta eman diote, lehia irabazi duten arte.