Orain arte Juanito Oiarzabal, Josune Bereziartua eta Alex Huber bezalako protagonistak izan dira, eta, aurten ere, azken urteetako ohiturari horri jarraituz, maila handiko gonbidatuak izango dira Mendi Hamabostaldian, gaur hasita.
Jorge Perez antolatzaileetako baten esanetan, azken momentura arte ez dute lotu egitaraua. “Gorabehera batzuk direla eta, gonbidatu batzuk ezin izan ditugu azken momentura arte lotu; hala ere, egitarau txukuna egin dugula uste dut”, azaldu du.
Gaineratu du, ordea, herritarren harrera zein izango den jakitea ez dela erraza. “Goi mailako gonbidatuak direnean, normalean, aretoa bete egiten zaigu. Baina ez direnean horren ezagunak, aretoa betetzea zailagoa da. Badaude gonbidatuak eskalatzaileen edo mendizaleen komunitate batean bakarrik ezagunak direnak, eta, agian, horregatik ez du hainbeste arreta deitzen. Baina, oro har, guztiak interesgarriak direla eta pena merezi dutela uste dut”, dio.
Antolakuntzan, gustura
Perezek nabarmendu du talde txiki bat direla eta gustura aritzen direla urtero ekitaldi hau antolatzen. “Ez da lan zaila, aurreko urteetan gonbidatu izan ditugun mendizaleen bitartez joaten gara, gehienbat, hurrengo urteetakoak lotzen eta, bata ez bada bestea, beti egoten da norbait prest hona etortzeko. Alde horretatik, ez dugu arazorik. Cecilia Buil eskalatzailearen kontaktua, adibidez, Alex Txikonen bitartez lortu dugu, aurretik ezagutzen dugu eta”, zehaztu du. Gaineratu du gustatzen zaien zerbait dela eta “pozik” egiten dutela.
Zinekluba-rekin elkarlana
Azken urteetan, ohikoa izaten da, Zinekluba taldeko kideen laguntzarekin, egitarau honen barnean gaiarekin lotutako pelikula bat sartzea. “Bere egunean, barriketan geundela, pentsatu genuen egokia izango litzatekeela Mendi Hamabostaldirako pelikula bat ekartzea, hain zuzen ere, gaiarekin lotutako pelikula bat”, azaldu du Perezek.
Argazkiak, erakusketan
XIII. Mendi eta Natura Argazki Lehiaketako sari banaketa ere egongo da gaur, Cecilia Buil-en hitzaldiaren aurretik. Lehiaketan parte hartu duten argazkiak ikusgai daude dagoeneko kultura etxean.
A sailean –Gizakia Mendian–Xabi Mataren Texturas izeneko lanak irabazi du eta B sailean–Mendi Ingurumena–, berriz, Iker Pardoren Aitzkorriko Hotz Tropikala lanak. Bigarren sail honetan, Iban Yániz oñatiarraren Lurra, Sua eta Haizea Urbian izeneko argazkia hirugarren sailkatu da.
47 argazkilarik hartu dute parte aurtengo lehiaketan, eta guztira 237 argazki izan dira baloratu direnak.
Oharra: Alex Txikonen jardunaldia Santa Anan izango da; beste guztiak kultura etxean