Bi gol egin dizkio Elgoibarrek Aloña Mendiri Azkoagainen

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko aza. 6a, 19:14
Oñatiko eta Elgoibarko jokalari bana baloiaren kontrola hartu nahian.

Lehen zatia borroka handikoa izan da. Bigarren zatian egin dituzte bi golak Elgoibarko mutilek. Huts eta bat galtzen zihoazela Joseba Irizar oñatiarrari bigarren txartel horia atera dio epaileak eta hamar jokalarirekin amaitu du norgehiagoka Aloña Mendik.

Txapelketako bederatzigarren jardunaldia jokatu ostean sailkapeneko azken aurreko postuan aurkitzen da Aloña Mendi. Aukera polita zen gaur arratsaldekoa garaipena lortzeko eta lehia bizia egon da norgehiagokaren lehen zatian. Ez da ordea golik izan. Ez oñatiarrek ez Elgoibarkoek ez dute nagusitasun argirik izan eta gol aukera garbirik ere ez.

Bigarren zatian etorri dira partiduko bi golak, eta Elgoibarrek egin ditu biak. Hasi eta gutxira aukera polita izan du Aloña Mendiko jokalari Ibai Morenok. Txilenaz egindako jaurtiketa ederra egin du, baina erantzun bikaina eman dio Elgoibarko atezainak. Oñatiarren hurrengo aukera bigarren zatiko hamargarren minutuan iritsi da. Mikel Palaciosek izan du aukera buruz egindako erremate batekin, baina langatik gora joan da baloia.

Elgoibarko jokalariek ere izan dituzte gola egiteko aukera politak, batez ere 67. minutuan. Oñatiko atezain Julen Agirrek eta atzelarien lanak eragotzi egin dituzte gol horiek. Saiatu eta saiatu, ordea, Oñatiko atea zulatzea lortu dute bisitariek. 72. minutuan buruz egin du gola Elgoibarko jokalari batek korner jaurtiketa baten ostean. Hurrengo jokaldian Julen Palaciosek berdinketa lortzeko aukera ederra izan du, baina ez du behar moduan errematatzea lortu.

Amaierarako hamar minutu falta zirenean epaileak bigarren txartel horia atera dio Joseba Irizarri jokalari oñatiarrari eta etxeko taldeak hamar jokalarirekin amaitu du partidua. Hondarreko minutu horietan egin dute bigarren gola Elgoibarkoek. Kontraeraso azkar batean Issbelek erremate indartsua egin eta huts eta bikoa egin du.

Futbol emaitza gehiago

  • Zarautz-Mondra 1-0
  • Mutriku-Aretxabaleta 1-1
  • Mondra-Lagun Onak 2-1
  • Aretxabaleta-Soraluze 2-0
  • Bergara-Intxurre 4-0
  • Mutriku-Bergara 3-0
  • Arizmendi-Eibar 6-1
  • Mondra-Anaitasuna 1-0

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak