Onartu diren gizarte arloko ordenantzekin "pozik" dago EAJ

EAJko udal taldea "oso pozik" dago gizarte arloko ordenantzetan egindako ekarpenak onartuak izan direlako. Kide ugariko familia eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun diren pentsiodunek hobariak izango dituzte 2017an.

EAJk dio “oso pozik" daudela ordenantzei begira aurkeztu dituzten "eta onartuak izan diren proposamenak eragin zuzena izango dutelako oñatiarren bizi-kalitatearen hobekuntzan”. Hobari horiek eragin zuzena izango dute bereziki Oñatiko kide ugariko zein guraso bakarreko familiengan, baita DSBE (Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta) laguntza jasotzen duten pentsiodunengan ere. “Gure proposamenek familia horiek guztiak pairatzen
duten presio fiskala arintzea dute helburu, pobrezia edota gizarte-bazterketa egoeran bizi baitira zenbait kasutan”, diote jeltzaleek prentsa ohar bidez.

Higiezinen zerga %2 igoko da datorren urtean, etxebizitzetan zein industrian. Jeltzaleek diote igoera horri begira, "EAJko udal-taldeak DSBEren onuradun diren pentsiodunentzat OHGZn eta haien etxeetako Obra eta Instalazioen tasan ere %90eko hobaria onartzea lortu du".

Gainera, 2 seme-alaba edo gehiago dituzten guraso bakarreko familiei OHGZn eta ludotekan zein udalekuetako kuotetan ere hobaria eskaintzea proposatu dute jeltzaleek familiaburu diren alargun, banandu, dibortziatu, ezkongabe edota genero-indarkeriaren biktimei. "Hain zuzen, urteko 24.000€ko diru-sarrera gordinera iristen ez diren familiei %90erainoko hobaria eskaintzea proposatu du EAJ-PNVren
udal-taldeak; hobariaren portzentaia familiaren diru-sarreren araberakoa izango da. Tamalez, EH Bilduren gobernuak ez du proposamen hau bere osotasunean onartu" eta jeltzaleak "desados" agertu dira erabakiarekin. “Gobernuaren jarrerak egoera zailean dauden familien beharrei berehalako erantzuna ematea oztopatzen du. Are larriagoa iruditzen zaigu jakinik familiaburu horien %82 gizarte-bazterketa egoeran dauden emakumeak direla. Hala eta guztiz ere, EAJ-PNVk egindako proposamen horri esker, 2017an familia horien egoera aztertzeko mahai tekniko-politikoa eratzeko konpromisoa hartu du EH Bilduren gobernuak. Neurri horren bitartez, guraso bakarreko familien egungo egoera arintzea, hobetzea eta euren beharrei erantzuna ematea" lortu nahi dute jeltzaleek.

Oharrak jasotzen duen moduan, EAJ-PNVren udal-taldeak aurkeztutako proposamenen artean, %90eko hobaria onartu da Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko tasan kide ugariko familientzat, 5 eserleku edo gehiago dituzten ibilgailuak erosteko. Portzentaia diru-sarrera gordinen eta seme-alaba kopuruaren araberakoa izango da; kideren batek ezintasunen bat badu, bi lagun bezala zenbatuko da.

Euren lehentasuna herritarrak direla esanaz bukatu du prentsa oharra EAJko udal taldeak.

Erlazionatuak

Egoera zailean dauden familien egoera aztertzeko "prest" dagoela berretsi du Udal Gobernuak

Oñati

Udal ordenantzak aho batez onartu izana "berri ona" da Udal Gobernuarendako, baina "onartezina" iruditzen zaio EAJk prentsa oharrean esandakoa, Uda...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.