Andorrakoek irabazi dute The Northern Players golf txapelketa

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko urr. 30a, 17:45

Aurten lehen aldiz jokatu da Oñatin Irelore taldekoek antolatutako The Northern Players golf txapelketa eta Andorrakoek irabazi dute 877 kolperekin. Bigarren, Euskadikoak gelditu dira 893 kolperekin, eta hirugarren Galiziakoak 903 kolperekin.

Euskadi, Andorra eta Galiziako 74 jokalari inguru izan dira asteburuan Oñatiko Irelore golf zelaian, herrian lehen aldiz ospatu den The Northern Players golf txapelketa jokatzen. Atzo, zapatua, goiz eta arratsaldez ibili ziren lehian, eta gaur eguerdi partera arte iraun du txapelketak.

Zapatuan goiz eta arratsaldez bikoteka aritu ziren hainbat modalitatetan jokoan, eta gaur, domeka, bakarka ibili dira. Puntuazioei dagokienez, atzo goizeko eta arratsaldeko launa bikote onenen puntuazioa hartu da kontuan azken kontaketa egiteko, eta gaurko zortzi jokalari onenen saioak ere kontuan hartu dituzte. Beraz, guztira, 16 jokalari onenen puntuazioa hartu da kontuan. Hori horrela, Andorrakoek lortu dute garaipena (877 kolpe), eta ondoren gelditu dira Euskadikoak (893 kolpe) eta Galiziakoak (903 kolpe), hurrenez hurren.

Maila handiko txapelketa

Irelore taldeko Unai Salaberriak azpimarratu du "maila handiko jokalariak" izan direla Oñatin lehian. Galiziatik etorri direnen artean zegoen, esaterako, azken mundialean hirugarren gelditu zena, eta beste hainbat txapeldun ere izan direla gaineratu du.

Euskadikoen artean nortzuk parte hartuko zuten erabakitzeko, esaterako, Oñatin bertan egin zen sailkapen txapelketa bat eta bertan jokatu zuten 12 bikote onenak izan dira lehian azken txapelketa horretan.

Balorazio positiboa

Salaberriak adierazi du Oñatin lehen aldiz jokatu den The Northern Players txapelketaren balorazio positiboa egiten dutela eta badakitela zein izango den euren hurrengo erronka: hurrengo urtean Andorran jokatuko den txapelketan aurtengo maila eustea edo hobetzea. Hemendik bi urtetara Galizian jokatuko da txapelketa hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak