Egoera zailean zaudete orain.
Jakin badakigu horrelako egoerak ere tokatzen direla eta taldea lasai ikusten dut. Egia esan, puntuetan ez da islatzen taldeak egiten duen lana. Entrenamenduetan topera gaude, partiduetan ere geroz eta lehiakorragoak gara eta horrela jarraitzen badugu, emaitzak etorriko dira.
Zerk huts egiten du?
Baliabidea edo erreminta zein zen jakin ezkero, egoera beste bat litzateke. Garbi dago baloia ez denean sartzen, zerbait falta dela, eta bagabiltza aurreko joko hori hobetzeko automatizazio batzuk lantzen, zelai erdiko jokoaren sorkuntzan eta abar. Beraz, pazientzia eduki behar dugu eta lasai egon, urduri egonda ez dira eta gauzak irteten.
Zer moduz ikusten duzu taldea?
Hori da Aloñak daukan onena. Animo aldetik, oso solidoa da taldea, jokalarien konpromisoa eta konstantzia totalak dira eta, batez ere estutasun egoera honetan, niretako balio handia dauka horrek.
Egoera honi buelta emateko gai ikusten duzu taldea?
Zalantzarik gabe, bestela ez nintzateke hemen egongo. Ni naiz hori pentsatu behar duen lehena, eta konfiantza osoa daukat jokalariengan. Pentsatu behar duguna da oraindik partidu asko gelditzen direla jokatzeko, puntu asko daude jokoan. Beraz, lasai egon behar gara. Ni neu ere lasai nago, jokalariek konfiantza handia transmititzen didate eta horrek balio du.