Txirrindularitza sailaren 50. urteurreneko liburua aurkeztuko dute gaur

1967an, Circuito Urbano proba, Oñatiko kaleetan.

Aloña Mendiko txirrindularitza sailaren mende erdia batzen duen lana aurkeztuko dute gaur, udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan; bide batez, aurtengo ziklo-kros denboraldian lehiatuko diren txirrindulariak ere aurkeztuko dituzte ekitaldi berean.

Gertaera kuriosoak, lasterketak, bizipen eta anekdotak, babesle desberdinak... Hori eta gehiago jasotzen du gaur arratsaldean aurkeztuko duten Aloña Mendiko Txirrindularitza sailaren 50.urteurreneko liburuak.
Izan ere, mende erdia –1966-2016– betetzen ari da sail hau eta denbora tarte horretan jazotakoa bildu nahi izan dute lan honetan.

Mende hasieratik

Lan hau, gehienbat, azken 50 urteetan zentratzen da. Hala ere, testuinguru historikoa eman eta gaia herrian kokatze aldera, XX. mende hasieratik txirrindularitzak Oñatin izan duen presentzia ere batzen du.

Lehenengo txirrindularitza taldea 1922an sortu zen, orduko CD Aloña Mendi. Ondoren etorri ziren Oñate Sport edota CD Oñate bezalako taldeak ere.

Oñatin lehiatutako lasterketei dagokienez, 1935eko Arantzazuko igoera izan zen lehena, eta ordutik lasterketa garrantzitsuak izan dira Oñatin, Munduko Ziklo-kros txapelketa edota Nazioarteko Criterium-a.

Elkarrizketak

Liburua "hain astuna" ez izateko eta "interesgarriagoa "egiteko asmotan, urteurrenean zehar nola edo hala protagonista izan diren zenbait pertsonekin elkarrizketa ezberdinak egin dituzte idazki honetan, Eneko Azurmendi liburuaren idazlearen esanetan. Besteak beste, Jose Antonio Mur txirrindulari ohia; Luis Mari Etxeberria eta Pedro Irurzun Naparra presidente ohiak edota Oñatik eman dituen txirrindulari ezagunenetariko batzuk, besteak beste, Mariano Altube, Mikel Lizarralde, Enrique Alonso, Jon Odriozola eta Markel Irizar.

Argazkien garrantzia

Mende erdi honetako argazki ugari aurkitu dituztela dio Azurmendik. "Mota honetako liburuetan, garrantzia handia hartzen dute argazkiek. Horregatik, aukeraketa handia egin behar izan dugu interesgarrienak edo politenak aukeratzeko, ehunka argazki daude eta. Hala ere, herritarrek gustura ikusiko dituen argazkiak daudela uste dut", azpimarratu du.

Ziklo-kroseko aurkezpena

Ekitaldi berean, ziklo-kros denboraldian arituko direnen aurkezpena ere egingo dute. Kadete mailan, Ander Blazquez, Unai Cueva eta Aritz Torres eta juniorretan, Ander Gartzia. Zuzendari lanetan, Iker Arkauz, Julen Arkauz eta Xabier Aiastui arituko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.