"Eskerrik asko bihotzez ni gonbidatzearren"

Bruno Montane Krebs. Argazkiaren © Ana Portnoy

Bruno Montane Krebs (Santiago de Chile, 1957) poeta eta zuzentzailea da. Roberto Bolañoren lagun izateagatik ere da ezaguna. Liburutegiko arduradunen esanetan, "Bruno Montaneren tamainako pertsonaia bat Oñatin izatea ohorea da".

Zer dakizu Oñatiren inguruan?
Herria ez dut ezagutzen, baina Rubenek, antolatzaileak, esan dit ez dela pasalekua, bereziki joan behar dela, helburu argi batekin nonbaitera doan norbaiten gisa. Hori oso itxaropentsua iruditzen zait.
Zer espero duzu topaketa honetatik? Eta zer konpartitu gura zenuke?
Hizkuntzarekiko eta horrek duen esateko moduekiko eta ahotsekiko jakin-mina duten pertsonak aurkitzea espero dut. Hitzen intuizioa eta esateen segurtasuna konpartitzean datza, eta erantzunik ez duen hura tentsioan ipintzean.
Zure olerkien aukeraketa bat egin duzue. Ze irizpideren arabera?
Irizpide nahiko apala jarraitu dugula iruditzen zait, egia esanda. Aukeraketa kronologikoa da. Rubenek aukeratu dituen olerkiak argienak dira, bere iritziz, ez hain heraklitoarrak, baina, duda barik, hortxe geratzen da agerian ahots poetiko bat eraikitzeko ahalegina.
Poesia urrutikoa egiten zaie irakurle askori. Zer esango zenieke?
Tira, poesiak beti du literaturako ahatetxo itsusia izateko arriskua. Benetako poema bat zer den esateko inor ez da ados jartzen, baina gero, zerbait berezia sentitzen dute hizkuntzaren zati azaltezin horren aurrean, non hitzen musika eta euren zentzua elkarrekin borrokan eta elkarrekin orekan dauden. Irakurle horiek animatzeko, esango nieke poema ere mundu honetakoa dela, eta denonak diren hitzekin eginda dagoela.
Zure izena Roberto Bolañorenarekin lotuta joaten da; hori gustuko duzu edo gogaitu egiten zaitu?
Ez nau inolaz ere gogaitzen. Hasieran biondako oso garrantzitsua izan zen adiskidetasuna izan genuen, ideian murgiltzea eta poesiaren aukerak konpartitu genituen. Gogaitzen nauena da bere bizitzaren eta lanaren alderdi batzuen inguruan dagoen mito distortsionatua. Zentzu handiko jeinua izan zen Roberto, eta gaueko, idazten ematen zituen gauetako prozeduretan bizitzarekin apustu egin zuen.
Beste ezer esan gura duzu?
Bihotzez eskertzen dudala gai poetikoaren ziurtasunak eta ziurgabetasunak konpartitzeko gonbidapena. Ekintzaz gozatuko duzuela espero dut. Eskerrik asko, bene-benetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.