Hasieratik aldapa gora
Partidako lehen minutuetan parekotasuna nagusitu da berdegunean; bi taldeek baloia izan dute, baina ez dira gai izan jokaldiak amaitzeko. Parekotasun horrek ez du asko iraun, 7. minutuan Enekok kanpokoak aurreratu ditu eta. Atzeko lerroko jokalariek ez dute baloia urruntzen asmatu, eta jokalari debarrak jaurtiketa indartsu baten bidez 0 eta 1ekoa lortu du. Hortik aurrera txantxikuen abaguneak iritsi dira, baina hauek ezin izan dute taldearen denboraldiko lehendabiziko gola sartu.
Bigarren zatia bizpahiru aukerarekin hasi dute Aloñako jokalariek. 55. minutuan, berriz, Amaikak-Batek aukera garbia izan du bigarren gola sartzeko, baina baloia zutoinean jo du bete-betean. Zazpi minutu beranduago, etxeko taldea jokalari bat gutxiagorekin geratu da; izan ere epaileak Jon Ander Kortabarriari txartel gorria atera dio protesta egiteagatik. Txartel gorriaz geroztik, Aloñakoak nahi eta ezin aritu dira. Luzapenean sartuta, Salgadok falta jaurtiketa bat bikain gauzatu du debatarren bigarren gola markagailura igotzeko.
Txanponaren bi aldeak Mondra eta UDArentzat
Arrasatearrek porrota ezagutu gabe jarraitzen dute, Vasconiari 0 eta 3 irabazi eta gero. UDAk, berriz, denboraldiko lehen porrota jaso du Hernanin (0-1), eta jarraian lorturiko sei garaipenen boladari amaiera eman dio. Gorengoen mailan, Bergarak garaipen erosoa eskuratu du Agorrosinen Beasaineri 7 eta 1 irabazita. Azkenik, 1. erregional mailan, Antzuolak atsedena izan du.