Aitor Otamendi oñatiarrak Getxon jokatu den Basque Expedition Race lasterketaren lehenengo edizioa irabazi du, hiru eguneko proba luzea eta gogorra. "Desnibel handiko lasterketa izan da, oso gogorra. Gainera, euria eta lokatz asko zegoen bidean", adierazi du Otamendik.
Orientazioa oinarritzat hartuta, hainbat diziplina uztartzen dituen lasterketa da hau: bizikleta, trekkinga, kayaka, oinez ere bai tarte batzuk...
Hainbat kontrolgune daude bidean zehar, eta, horietatik pasatzean, puntuazio bat eskuratzen da. Bukaeran, egindako denboraz gain, puntuazio hori ere kontuan hartzen da. "35 taldek hartu dugu parte eta bik bakarrik lortu dugu kontrolgune guztietatik igarotzea", dio.
Lorik ez
65 ordu inguru behar izan ditu laukoteak proba burutzeko, eta atseden gutxirekin, gainera. "Talde bakoitzak bere estrategia aukeratzen du eta lehentasuna gauza bati edo beste bati ematen dio. Guk lorik ere ez dugu egin proba guztian zehar", azaldu du.