Luxuzko gonbidatuak izango dira II. Literatur Topaketetan

Leire Kortabarria 2016ko urr. 21a, 10:08

Bibliotekaren Eguneko kartela.

Egitarau oparoarekin dator aurtengo Bibliotekaren Eguna, Udal Liburutegiaren ekimenez. Astelehena, hilak 24, da egun hori, baina aste osoan zehar izango dira ekintzak. Maialen Lujanbio, Harkaitz Cano eta Roberto Montané etorriko dira Oñatira.

Egitarauko izarra Oñatiko II. Literatura Topaketak izango dira. Aurten euskarazko saio bat eta gaztelaniazko beste bat antolatu ditu liburutegiak; iaz saio elebidun bakarra izan zen. Euskarazkoa, Irakurlea ez da izaki bakartia izenburua izango duena, hilaren 26an, eguaztena, izango da, 19:00etan; Maialen Lujanbio eta Harkaitz Cano dira gonbidatuak, eta dinamizatzailea Danele Sarriugarte izango da, euskarazko literatur solasaldietako dinamizatzailea. Gaztelaniazkoa egubakoitzean, hilak 28, izango da, eta Bruno Montané (Santiago de Chile, 1957) poeta izango da gonbidatua; Ruben Ariasek, liburutegiko gaztelaniazko solasaldietako dinamizatzaileak, gidatuko du saioa. Izan ere, saio bakoitzeko gaia eta gonbidatuak dinamizatzaile bakoitzak pentsatu eta ekarri ditu.

Galdu ezineko hitzorduak

Udal liburutegiko arduradunek oñatiar guztiak animatzen dituzte bertara joatera; izan ere, luxuzko gonbidatuak dira guztiak ere. Lujabio eta Cano aski ezagunak dira euskal irakurleondako; Montané ere lehen mailako pertsonaia da literatur munduan. Besteak beste, Anagrama argitaletxeko zuzentzailea izan da, poeta da eta Roberto Bolañoren lagun eta lankidea.

Bestetik, Maialen Lujanbio eta Harkaitz Cano egon izan dira Oñatin, baina ez biok elkarrekin, eta are gutxiago Danele Sarriugarte idazlearekin batera. Oñatiarrondako eta debagoiendar guztiondako galdu ezineko hitzordua da datorren eguaztenekoa, beraz.

Txokolatea eta literatura

Egitaraua hilaren 24an, astelehena, hasten da: 17:00etan, Iraungorriko marimi izeneko itzal titereen antzezlana izango da 5 eta 12 urte artekoendako, eta 19:00etan, dastatze literarioa: El sabor de la literatura: chocolate y libro izenburuarekin, Carles García adituak literaturarekin zerikusia duten bost txokolate mota aurkeztu eta eskainiko ditu dastatzeko, txokolate mota bakoitza irakurketa edo genero batekin lotuaz. Iaz, perfumeekin egin zuen Oñatiko Liburutegiak antzeko ekintza bat, eta oso gustura geratu ziren antolatzaileak zein parte-hartzaileak.

Datorren egubakoitzean, 17:00etan, beldurrezko efektu bereziak sortzeko makillaje tailerra izango da 9 eta 12 urte artekoendako, 17:00etan. Eta hilaren 29an, zapatua, herriko kaleetan zehar Olerki xuxurlatua izeneko ekintza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak