Zubikoa kiroldegia berritzeko proiektuaren inguruan herritarrek osatutako talde eragile bat sortu gura du udalak. "Orain arte egin diren proiektuak aztertuko ditu talde horrek, bai, baina batez ere herrian dauden beharrak eta aukerak aztertuko ditu. Beraz, posible da orain arteko proiektuak ondo ez ikustea talde eragile horrek eta hirugarren edo laugarren bat proposatzea", dio Borja Moiuak, kirol zinegotziak.
Arkitektoak
Talde horretako kideak ahalik eta esparru, adin edo ohitura ezberdinetakoak izatea gurako luke udalak, "lanketa aberatsagoa" izateko. Bihar gaztelekuan euskaraz egingo den informazio bileran aukera egongo da talde horretan izena emateko.
Orain arte egindako lana erakutsi gura die Udal Gobernuak herritarrei. Chocarro eta Herranz arkitektoen laguntzarekin egindako proiektuak bistan izango dituzte herritarrek. Arkitektoak eurak ere, Alfonso Herranz eta Javier Chocarro, hantxe izango dira azalpenak ematen. "Gaiak badu interesa herritarrengan eta ziur aski izango dituzte galderak eta zalantzak. Horiei zuzenean erantzuteko egongo gara. Alde teknikoak, gainera, arkitektoek eurek erantzungo dituzte, orain arte egindako proiektuak eurek egindakoak dira-eta", dio Moiuak.
Kirol diagnosiak utzitako ondorioetako bat da Zubiko kiroldegiak eraberritu beharra duela. Eraberritze hori baina, integrala, osoa, izan behar dela ikusten du Udal Gobernuak, eta hori jasotzen dute Chocarro eta Herranz arkitektoek egindako proiektuek. Baina proiektu horiek landu, aztertu eta egokitu egin behar dira eta horretarako sortu gura da talde eragilea..
Izena
Talde eragile horretan ez dira herritarrak bakarrik egongo. "Gehienak herritarrak izango dira, bai, baina eurekin batera egongo dira kirol teknikaria, parte-hartze teknikaria, esaterako. Beharrezkoa ikusten duten laguntza teknikoa izango dute", dio kirol zinegotziak.
Taldeak nola lan egingo duen kideek eurek erabakiko du. Hau da, kideek adostuko dute bilerak egiteko maiztasuna, lekua eta ordua. Lehen erabakiak noizko hartuko dituzten ezin da jakin oraindik; taldearen lan martxak berak ere finkatuko ditu epeak.
Bihar gaztelekuan egingo den saio irekian aukera egongo da izena emateko. Bihar joaterik ez duenak, Zubikoako bulegoetara joanda eman dezake.