Ganbara abesbatza garaile Burgoseko Antonio Jose koruen lehiaketan

Xabi Gorostidi 2016ko urr. 16a, 17:09

Espainiako beste bost korurekin batera lehiatu dira, eta txapelketan inoiz izandako puntuaziorik altuena jaso dute, 88 puntu. Bigarren postua Valladolideko Alterum Cor abesbatzarentzat izan da, eta hirugarrena Vigoko Coro Gli Appassionatirentzat. Ikuslearen sarian oñatiarrak bigarren postuan geratu dira 8 botoko aldeagatik. Entzungai duzue bideo honetan Iru Txito Jose Gonzalo Zulaika eta Arregirena (Aita Donostia).

Lan aparta egin zuten atzokoan Oñatiko Ganbara abesbatzako kideek. Burgosera joan ziren bertako Antonio Jose abesbatzen lehiaketan parte hartzera, eta txapelarekin itzuliko dira Oñatira.

15. edizioa zen atzokoa, eta aurtengoa berezia zen txapelketari izena ematen dion Antonio Jose musikariaren heriotzaren 80. urteurrenarekin bat egin zuelako. Ganbarako kideek hamabi minutuko emanaldia egin zuten, hiru kanta abestuz. Lehena, talde guztiek abestu beharreko Romance de Rosa Fresca (Antonio Joserena), bigarrena Aita Donostiaren Iru Txito eta azkena Ola Gjeiloren Sanctus: London.

Argazkia: Oñatiko Ganbara abesbatzakoak fin aritu ziren atzo Burgosen.

Primerako maila erakutsi zuten oñatiarrek, eta epaimahaikideek kontuan izan zuten hori puntuazioa banatzeko orduan. Ganbarak 88 puntu lortu zituen, lehiaketaren 15 ediziotan izandako puntuaziorik altuena. Azken urteetako irabazleen bataz besteko puntuazioa 82koa izan da, baina Ganbarakoek egindako lan bikainak bere fruituak eman zituen atzokoan. Lau puntu gutxiagorekin bigarren izan ziren Valladolideko Alterum Cor abesbatzakoak, eta hirugarren Vigoko Coro Gli Appassionati.

Ondoren ikuslearen sariaren txanda izan zen eta hor ere irabaztetik gertu izan ziren Ganbarakoak. ikusle bakoitzak talde gustukoena aukeratu behar zuen, eta oñatiarrak bigarren postuan geratu ziren 170 punturekin. Ikuslearen saria Valladolideko Alterum Cor abesbatzarentzat izan zen, 178 boto jasota. Aipatu beharra dago, gertutasun arrazoiengatik Valladolideko ikusle ugari joan zirela Burgosera. Kontuan izanik Oñatitik ez zela ikuslerik joan, meritu handiko bigarren postua lortu zuten.

Lehen postuan geratu izanagatik 3.000 euroko saria eskuratu zuten Ganbarako kideek. Atzo txapelketa amaitzean afaria egin zuten eta ondoren Burgoseko gauean murgildu ziren irabazle titulua ospatzeko. Lehen postuak indarrak emango dizkie, maiatzean Toulousen jokatu den koruen lehiaketa prestatzeko.

Ganbarako abesbatzako partaideak irabazi osteko talde argazkian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak