Lehen zatian boladak izan ziren. Zazpi puntuko aldea hartu zuen Goierrik birritan, eta bietan lortu zuten oñatiarrek berdintzea. Atsedenaldian 33-35 zen emaitza. Bigarren zatia nahikoa parekatua izan zen; etxekoek lan ona egin zuten defentsan, eta azken laurdenean detaileetan erabaki zen norgehiagoka.
Aitor Ugarteren mutilek zenbait baloi galera inozo izan zituzten eta alde egin zien partiduak. Galdu arren, entrenatzaileak ikusten zituen gauza onak: "Goierri talde gogorra da, iaz ere goian egon zen. Aurreko astetik, gainera, ikusi dut hobekuntza, defentsan batez ere, laguntza gehiago egin ditugu, aktiboago egon gara".