Nolako jaialdia izango da?
16:00etatik 00:00etara musika elektronikoa jartzen ibiliko gara zortzi lagun, txandaka. Madrilgoak, Bilbokoak eta Errioxakoak dira datozenak, Bergarako Josu Aranburu eta biok salbu. Egongo garenetatik seik zigilu berarekin ditugu aterata lanak eta beste biak gonbidatuak dira.
Nolako kantuak jarriko dituzu zuk?
Denetarik. Nire kantuak jarriko ditut; bizpahiru, gainera, berriak. Baina beste askorenak ere bai.
Oñatin bestelako musika emanaldiak gehiago izaten dira elektronikoak baino.
Bai, baina argi nuen ni oñatiarra izanda Oñatin egin behar nuela nire produktuaren aurkezpena. Agian, asko arriskatu naiz hau antolatzen, baina argi nuen herrian egin behar nuela aurkezpena. Urtebete da diskoetxea sortu nuela, eta momentu ona iruditu zait aurkezteko.
Jende asko joango dela uste duzu?
Ez dakit, egia esan, baina uste dut aukera oso ona dela musika mota hau entzuteko. Baditu bere jarraitzaileak, baina inoiz entzun ez duten herritarrendako ere aukera ona dela uste dut. Denei luzatzen diet gonbidapena jaialdira etortzeko. Sartu eta entzuten dutena ez bazaie gustatzen, berriz kanpora ateratzeko aukera izango dute. Gainera, uste dut herriko norbaitek zerbait egiten duenean, babesa erakutsi behar zaiola.
Kontzertu gehiago izango dira?
Nire asmoa da urtero egitea bat, jaialdia Oñatin errotzea.