Oñatiko EAJk herritarren proposamenak jaso nahi ditu 2017ko aurrekontuetarako

Oñatiko EAJk 2017ko aurrekontuen lanketan dihardu, eta lan horretarako herritarren proposamenak jaso nahi dituzte datozen asteetan.

Ekarpenok jasotzeko hainbat bide jarri dituzte herritarren eskura: Batzokian izango den iradokizunendako buzoia, helbide elektroniko bat (pnvonati.partaidetza@gmail.com) eta Facebookeko orrialdea eta Twitter kontua.

Horrez gain, Lourdes Idoiaga bozeramaleak azaldu du EAJko zinegotziak ere gertu egongo direla aurrez aurre herritarrek egin nahi dizkien iradokizunak jasotzeko. Idoiagak nabarmendu du ekimen hau herritar guztiei zabalik dagoela, ez bakarrik EAJko kide direnei.

Abenduko bilkurara begira

Ekarpenok azaroaren 15era bitartean jasoko dituzte, eta horren ostean "lanketa sakona" egingo dute abenduko osoko bilkurara begira. Izan ere, abenduko bilkuran onartuko dituzte Oñatiko Udaleko 2017ko aurrekontuak.

Iaz ere burutu zuten antzeko ekimen bat aurrekontuei begira, eta azaldu dute orduan jasotakoak kontuan izango dituztela, herriko eragile desberdinekin landutako iradokizunak bezala. Helburua "herritarrek kezkak eta behar zehatzak jaso eta horiei erantzutea" dela azaldu du Idoiagak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.