Kilometroetako lekukoa Oñatira ekarriko dute zapatuan, hilak 15, eta horrekin batera emango zaie hasiera urte osoan zehar Oñatin egingo diren Kilometroak 2017rekin lotutako ekintzei. Bergaratik irtengo da lekukoa zapatuan goizean goiz, eta bizikletaz, Elorregiko biribilguneraino (San Prudentzio) ekarriko dute Aranzadiko ikasleek. San Prudentzion zain izango dira oñatiarrak eta euren ardura izango da Oñatiko plazaraino ekartzea.
Bideoan grabatuko da
Kilometroetako testiguak Bergaratik Oñatiraino egingo duen bidea grabatu egingo da eta horrekin bideo bat osatuko da.
Kilometroak, irailaren24an
2017ko irailaren 24a, egutegian gorriz markatutako eguna izango da Oñatin, 29 urteren ondoren, Gipuzkoako Ikastolen festak herriko kaleak hartuko baititu berriz.