‘Arantzazuko arte-lantegia’ erakusketa bisita ugari ari da jasotzen

Ibon Carmona 2016ko ira. 29a, 17:39
Bisitariak artelan bati begira erakusketaren lehen egunean.

Xabier Alvarez de Eulate, Jose Luis Iriondo, Juan Arriola eta Xabier Egaña frantzizkotarren obra biltzen duen erakusketa urriaren 16 arte egongo da zabalik. Gandiaga Topagunetik 550 bat pertsona pasa dira jada. Arantzazuko Adiskideak elkartea, Arantzazu Gaur Fundazioa eta Arantzazuko Frantziskotarrak izan dira erakusketaren antolatzaileak.

Arantzazu aldera gerturatzen diren askok Arantzazuko arte-lantegia izeneko bilduma ikusteko aukera daukate Gandiaga Topagunean. Lau aste pasa dira erakusketa ireki zenetik eta bisitarien partetik harrera ona izaten ari da. Arantzazu Gaur Fundazioko arduradun Juan Biainen esanetan, jendea gustura egoten da, eta, orokorrean, "balorazio oso ona" eman diete bertatik pasatakoek. “Momentu arte 550 bat pertsona gerturatu dira erakusketara. Horien artean, lehengo seminarioko ikasle batzuk daude, pasa den astean erakusketa bisitatu zutenak. Beraiek hainbat artelan eskola garaitik ezagutzen zituzten eta iraganeko garaiak gogora ekartzera etorri ziren”, gehitu du. 

Horrez gain, jendeari lau artistak hain ezberdinak izateak atentzioa ematen diola komentatzen du: “Kontuan izanik laurak frantziskotarrak zirela, jendea erakusketaren gaineko aurre-eskema batekin etortzen da, baina ondoren eskema horiek apurtu egiten dira“.

Erakusketak Xabier Alvarez de Eulateren, Jose Luis Iriondoren, Juan Arriolaren eta Xabier Egañaren artelan piktoriko eta eskultoriko ezberdinak jasotzen ditu. Laurak frantziskotarrak izan arren, garai ezberdinetakoak dira. Hauek Arantzazun zeudenean, Oteiza, Txillida eta Basterretxea artisten eragina izan zuten, eta hori beraien obretan geratu da ikusgai. Artelan ezagunak ez diren arren, historialariek uste dute momentu historiko batzuetan handitzat jo diren hainbat artistari aurreratu zitzaizkiela; izan ere, “hainbat gauza komunean dituzte”.

Asteburu eta jai egunetan zabalik

Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko frantziskotarrek antolatutako erakusketa urriaren 16 arte egongo da Gandiaga Topagunean ikusgai. Zapatuetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara irekiko dute. Igande eta jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 14:00ak arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak