Txantxikua jaitsi ahalaz bat jarraituko dute jaiek

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko ira. 28a, 12:57

Txantxikuaren jaitsiera

Nagusien danborrada 23:00etan aterako da Eltziatik. Foruen plazan, San Migel martxa jo aurretik, Pedro Mari Igartua zenari omenaldia egingo diote.

Gauerdian, nagusien danborradaren amaieran, San Migel martxa jo aurretik, omenaldi bat egingo diote danborradako bultzatzaile izandako eta antolaketa taldean lana egindako Pedro Mari Igartuari. Danborradako ordezkari batek, danborradakoen izenean, hitz pare bat esango ditu Igartuari eskerrak emateko. Jarraian, Mikel Biain alkateak, beste aipamen labur bat egingo du, eta azkenik Iñaki Olalde bertsolariak berak omenaldi honetarako sortutako bertso bat kantatuko du. Horren guztiaren ostean, Pedro Mari Igartua zenaren senitartekoei oroigarritxo bat emango zaie, eta San Migel martxarekin amaiera emango zaio ekitaldiari.

Foruen plazara heldu aurretik, herriko kaleak zeharkatuko ditu danborrada nagusiak. Kike Zelaia izango da aurten danbor nagusia, urtetan Anjel Egañak egindako lanari erreleboa hartuz.

Oharrak

Martitzenera arte iraungo dute jaiek. Hemen jaiei lotutako hainbat ohar:

  • hondakinak batzeko iaz bezala, giltzadun edukiontziak (organikoa, papera-kartoia, errefusa, ontzi arinak) jarriko dira herriko hiru puntutan. Iturritxon, Aita Madina kalean eta azokako biribigunean. Herri Egunean eta Bixamona Egunean bilketa bereziak egingo dira
  • Karroza eta osagarrien biltokia Aita Madina kalean (Unibertsitate atzealdean dagoen aparkalekuan gune bat egokituko da). Errosarixo Bixamonerako egiten diren karroza eta bestelako elementu osagarriak edozein bazterretan utzi gabe karrozen biltoki honetara eramatea eskatzen da.
  • 30ean, 1ean eta 2an eta 3an, zirkulazio aldaketak egongo dira herrigunean; Unibertsitate Etorbidea, adibidez,  itxita (Aker taberna paretik Postetxera bitartean)

Txartelak

Bestalde, datozen egunetan egingo diren bazkari herrikoietara joateko txartelak salgai daude. Baita urriaren 7an egingo den bertso saioa ikusteko ere:

  • Herri Egunean kiroldegian egingo den herri bazkarirako txartelak salgai daude Olakua, Arrano, Boga eta Izarraitz tabernetan. Aurten, haurren menua izango da lehenengo aldiz, 12 urtetik beherakoentzat. Haurren menua: Makarroiak tomate eta txorizoarekin Oñatiko haragiz egindako hanburgesak, txokolatezko natillak, ura eta freskagarriak. Helduen menua: Marmitakoa, Oñatiko haragi gixatua, Oñatiko gazta eta irasagarra, kafea eta kopa. Txartelen prezioa: 10 € (haurren menua), 19 € (helduen menua)
  • Txosna batzordeak antolatutako hainbat bazkaritarako txartelak. Irailaren 30an, Euskal presoak euskal pilotalekuetara Pilota bazkaria, 14:00etan. Urriaren 3an, paella-jana, 14:30ean.Txartelak salgai Boga, Arrano eta Ona tabernetan
  • Bertso saioa urriaren 7an, kiroldegian. Aitor Mendiluze, Maider Arregi, Amets Arzallus, Alaia Martin, Urko Egaña eta Maialen Lujanbio. Gai-jartzailea: Oñatiko Bertso Eskola. Sarrerak salgai, Txokolateixian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak