Hauteskunde autonomikoen biharamunean, Oñatiko alderdi jeltzaleak eskerrak eman gura izan die herritarrei eurengan jarritako konfiantzagatik. Honela dio bidalitako prentsa oharrean: “Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu bozkatu gaituzten 2.349 herritarrei. Gizartearen konfiantza irabazi dugu, hitzemandakoa betez eta herritarren alde lanean gogor arituz, eta bide horretatik jarraituko dugu, elkarlana eta bizikidetza oinarri izanda, hori baita gure eredua”. Hau ere gaineratu du: “Lan asko dugu aurrera begira. Pertsona oinarri hartuta, gizarte babesa, enplegua, gazteria, bizikidetza eta autogobernua dira aurrean ditugun erronka nagusietako batzuk, gogor ekingo diogu beraz lanari". Oñatiri begira, hauxe diote prentsa oharrean: ”Oñati eta oñatiarren egoera egunetik egunera hobea izatea xede hartuta, ekarpenak egiten eta herriaren alde lanean jarraituko dugu, Oñati gehiago Euskadi gehiago da eta”.