Lehen zatiko lehen minutuak oso orekatuak izan dira, baina pixkanaka-pixkanaka arrasatearrak nagusitzen joan dira, eta jokaldi arriskutsuak sortu dituzte Mikel Aginagalderen atearen aurrean. Aipagarriak 25. minutuan Mikelek egindako geldiketa bikaina area kanpotik egindako jaurtiketa bati erantzunez.
Aukera garbiena
Bestalde, 36. minutuan Mondra taldeko aurrelari batek buruz egindako erremateak eskuadra-eskuadran jo du, eta hurrengo jokaldian Aloñakoen atezainak beste geldiketa eder bat egin du. Borroka handiko lehen zatia hutseko berdinketarekin amaitu da.
Bigarren zatia, lehen zatiaren amaierako bide beretik hasi da, Mondra taldearen nagusitasunarekin. 51. minutuan Andonik aukera polita izan du, baina bere jaurtiketa kanpora irten da. Aloñakoen aldetik 60. minutuan Gorka Irizarrek, estrategiako jokaldi batean, aukera bikaina izan du 1 eta 0koa lortzeko, baina Ioritzek gelditu bikaina egin du. Jokaldi horren ostean indarrak parekatu egin dira, eta Aloñakoak ere Mondrakoen atera hurbiltzen joan dira.
Oñatiarren lehen puntua
Azken minutuak borrokatuak izan dira, eta urduritasun handikoak, baina azkenean partida 0-0ko emaitzarekin amaitu da. Berdinketa justua izan da, eta hala oñatiarrek lehen puntua lortu dute, eta arrasatearrek partidarik galdu gabe jarraitzen dute, zazpi puntu lortuta.