Artzain Txakurren Txapelketako garaikur nagusia berriz ere Behe-Nafarrora

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko ira. 25a, 15:30

Iazko txapela Behe-Nafarroara eraman zuten Gilles Etchegoenek eta haren Gaua txakurrak, bada, aurten ere, beste bikote batek bada ere, hara eraman dute. Marcel Hualde eta haren Etxe txakurra izan dira onenak, gaur Oñatiko Santa Lutzia  zelaietan egin duten 57. Nazioarteko Artzain Txakurren txapelketan. Bigarrena, Pascal Cacheux eta Lyn txakurra izan dira, eta hirugarrenak, iazko irabazleak, Gilles Etxegoien Gaua txakurrarekin.

"Oso pozik nago, azkenean lortu dut! Badira dagoeneko zortzi urte Oñatira etortzen naizela eta bigarren eta hirugarren postuetan hainbat alditan sailkatu izan naizen arren, ia ezinezkotzat jotzen nuen hemengo txapelketa irabaztea", azaldu du Hualdek pozik.

Zazpi urte dituen Border Coly arrazako txakurrarekin etorri da Hualde, eta bitxia bada ere, arraza berekoak dira bigarren ariketarako sailkatzea lortu duten seiak. "Aurten ez dute txakur gorriek -bertako arrazako txakurrek- zorterik izan. Lan zaila izan dute gaur orokorrean ia txakur gehienek. Ardiak berezi samar ibili dira gaur eta eguraldiaren eragina ere izan daiteke akaso, batek daki! Hala ere, txapelketa polita izan da. Nirea ere, Eder, despistatu samar ibili da. Hasieran ondo baina gero ez dakit zer gertatu zaion. Hala ere, egindakoaz gustura nago. Asko poztu nau Hualdek irabaztea, merezi zuen. Punta-puntako artzaina da, eta txapelketa guztietan ibiltzen da gehienetan aurreneko postuetan", azaldu du Jose Mari Bengoak, parte-hartzaileak eta antolatzaile taldeko kideak.

Azkeneko urteetan baino ikusle gehiago

Txapelketako antolatzaileek ahalegin berezia egin dute aurten ikusleak erakartzeko; hori horrela, askotariko postuak jarri dituzte -Taloak dastatzeko, txakurren adopzioari buruzkoak, txakurren inguruko hainbat produkturenak...-, eta horrez gainera, txakurren trebezien gaineko erakustaldia ere egin dute. Horiekin guztiekin, bada, ohi baino jende gehiago bildu da Santa Lutzia inguruko zelaietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak