Esku hutsik geratu dira, beraz, etxekoak; hala ere, gustura da Aitor Sanchez Aloña Mendiko jubenil mailako taldearen entrenatzailea. "Bi partiduak galdu ditugun arren, taldea oso ondo ikusten dut. Zortea da falta izan zaiguna, baina, bestelakoan, taldeak ondo egin du egin beharreko lana".
Iritzi berekoa da Santi Bernal, Aloña Mendiko areto futbol taldeko arduraduna eta txapelketako antolatzailea: "Txapelketa polita izan da, oso giro ona izan da, eta gonbidatutako taldeek maila ona eman dute; eta etxekoak ere gogotsu ikusi ditut. Gipuzkoan hamalau talde daude kategoria honetan eta saiatzen gara urtero talde ezberdinak ekartzen, Gipuzkoako talde guztiek izan dezaten horrela, gure txapelketan parte hartzeko aukera".
Lehenengoa, penaltitan erabakita
Laskorain eta Zarautzen arteko norgehiagokarekin hasi da torneoa. 0-0ko emaitza eginda, penaltitan erabaki behar izan dute nor zen irabazlea. Zarautz izan da onena, baloia birritan sareratuta. Aloña Mendiren aurka jokatu dute, beraz, Tolosakoek bigarrena, eta 3-5 emaitzarekin mendean hartu dituzte etxekoak.
Hirugarren partidua, beraz, Zarautzen eta etxekoen artekoa izan da, eta partidu nahiko parekatua izan den arren, azkeneko minutuetan kanpokoek sartutako golarekin, 2-3ko emaitzarekin amaitu da. Bi talde gonbidatuek, bada, bina partidu irabazi dituzte eta talde bakoitzak sartutako gol kopurua dela-eta, aurrez esan moduan, Tolosara eraman dute aurtengo garaikurra. "Gutxi entrenatuta etorri gara, beraz, ez gara irabazteko oso prestatuta etorri. Hiru taldeak maila nahiko antzerakoa dugula erakutsi dugu eta gogor lehiatu behar izan dugu. Pozik gaude, aurre-denboraldian txapelketa irabazteak denboraldia gogor hasteko indarra emango digulako", azaldu du Jon Kortajarenak, Tolosako Laskorain taldeko entrenatzaileak.