Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

EH Bilduk irabazi du Oñatin, 2.554 botorekin

Goiena 2016ko ira. 25a, 21:33

Azken hauteskundeetako joerari eutsi eta EH Bilduk (2.554 boto) irabazi ditu hauteskunde hauek ere Oñatin. Bigarren indarra EAJ izan da (2.349 boto) eta hirugarrena Elkarrekin-Podemos 8553 boto). "Pozik gaude Oñatin lortutako emaitzekin. Guretako beste behin ez dira normaltasunean egin diren hauteskundeak izan. Bestetik ez genekien Podemos-ek zer eragin izango zuen. 2012koekin konparatuz, EAJ eta EH Bildu jaitsi egin dira eta ulertzen dugu gure boto batzuk Elkarrekin-Podemosesa joan direla. Datu orokorrei begira, Eusko Alderdi Jeltzalea zoriondu gura dut hauteskundeak irabazi dituelako. Eta pentsatu gura nuke erabakitze eskubidearen aldeko gehiengoa egongo dela Gasteizko legebiltzarrean. Baina ikusteko dago zein paper jokatuko duen EAJk; gerta daiteke gehiengoa lortzea PSOErekin eta badakigu alderdi sozialistak zein jarrera duen gai horretan", adierazi du Mikel Biain alkateak gaur gauean.

Gainerako alderdiek lortu dituzten botoak dira: PSOE-EE (208), PP (138), eta C'S (27). Libertad Navarra, PACMA eta Recortes Cero alderdiek ere lortu dituzte botoak.

Parte-hartzea %66,63-koa izan da.

Oñatin 8.878 herritarrek izan dute botoa emateko eskubidea eta hauteskundeetako hamabost mahai zeuden, horietatik zazpi Zubikoa kiroldegiko kantxa urdinean. 14:00etatik 17:00ak arte bitarteko tartean ibili da jende gutxien Zubikoan eta hortik 20:00ak arte jende kopurua handitu egin da. Batzuk lagunartean joan dira, bikotearekin beste batzuk eta seme-alabekin ere joan da bat baino gehiago. Bat baino gehiago azken orduan joan zen, 20:00ak izateko minutu gutxi falta zirenean.

Jaiak

Hauteskunde autonomikoak ospatu dira gaur baina Oñatin jaiak ere badira eta hori ere ikusi da botoa ematerako orduan. Jose Mari Bengoa Urzabal-ek, adibidez, artzain arropak jantzita joan da botoa ematera. Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketan hartu zuen parte Urzabal-ek goizean eta iluntzean joan zen zegokion mahaira botoa ematera, abarkak kendu barik.

 Jarraipena

Azken orduko datuen zain, egunean zehar gertatutakoari eta emandako datuei jarraipena egiten ibili zen bat baino gehiago Zubikoako mahaietan, alderdietako apoderatuak batez ere. Sare sozialen bitartez egin zioten egunari jarraipena gehienek.

20:00ak jotzeko gutxi gelditzen zenean mahaietan egotea tokatu zitzaien presidenteek eta bokalek euren botoa eman zuten eta ateak itxi ahalaz bat hasi ziren kontu kontaketarekin. Posta bidez bidalitako gutunak zabaldu eta ontzi barruan sartu zituzten boto horiek eta behin hori eginda hautetsontzia zabaldu eta botoak zabaltzen hasi ziren mahai bakoitzean. Alderdika pilatu zituzten eta kontatu azkenean. Datuak jasotzeko udaletxeko langileak zeuden; mahaietako presidenteek epaitegira eraman zituzten datuak eta udal langileek, udaletxera.

Alderdiak

Oñatiko EH Bilduk Arrano taberna aukeratu zuen emaitzak jarraitu eta balorazioa egiteko. Telebista piztuta egon zen iluntzean eta taberna herritarrez beteta. Pantaila erraldoi bat ere jarri zuten datuak erakusteko.

Jeltzaleak berriz, batzokian elkartu ziren. Telebista zuten han ere piztuta eta haren bitartez egin zuten emaitzen jarraipena. Bizkaiko eserlekuaren dantza ere handik jarraitu zuten. Pozik zeuden lortutako emaitzarekin. Elkarrekin-Podemos alderdiaren eragina igarri ez duen bakarra EAJ dela zioten eta lortutako 29 eserlekuak oso emaitza ona zela aitortu zuten.

Erlazionatuak

Oñatiko boto bilakaera

Goiena 2015 ira 01 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak