Hamalau dantza talde elkartuko dira etzi Oñatin egingo den Haurren Egunean

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko ira. 16a, 16:18
Oñatz dantza taldekoak joan den urteko Haurren Egunean. (Argazkia: Ekaitz Filarmendi)

Bergarakoa eta Tolosakoa lehenengoz datoz. Kanpotik 380 ume etorriko dira eta 250 egongo dira Oñatin euren zain. Gehienak etxeetan bazkalduko dute. Jaia antolatzeko duten herritarren eta udalaren laguntza aipatu dute Oñatzeko kideek.

Hamalau dantza talde elkartuko dira domekan ospatuko den Haurren Egunean eta horietako bi berriak izango dira: Bergarako Moises Azpiazu dantza eskolako gaztetxoak eta Tolosako Udaberri dantza taldea. "Dantzari asko elkartuko gara. Kanpotik 380 dantzari eta 80 arduradun etorriko dira eta Oñatikoak 250 ume eta 75 arduradun ibiliko gara eurekin batera", aurreratu du Oñatz dantza taldeko Maite Irizarrek.

estimatua da-eta Oñatiko Haurren Eguna beste herrietako dantza taldeetan. Aurten asko elkartuko badira ere, egun osoko egitaraua dute prest. "Atzeko kalean obretan dihardute eta goizeko ibilalditxoa Otadui zuhaiztitik Foruen plazaraino izango da. Bigarren ibilbidea berriz, Motxon eta Ultzegin kaleetatik Foruen plazaraino joango gara erreka bazterreko bidetik", esan du Maite Irizarrek. Kattin Malbadi izango da aurtengo alkate txikia eta 11:45ean izango da ikuskizuna Foruen plazan dagoen agertokian. Arratsaldeko alardea 17:00etan hasiko da eta ondoren erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira kaleetan zehar.

Etxeetan

Azken bi urteetan herritarren etxeetan bazkaldu dute ume guztiek eta aurten ere horrela izan daiteke. "Arduradunek herriko hainbat elkartetan bazkalduko dute: Pago Uson, Makalena, Nekazarien Elkartean, Batzokian eta Etxaluzen. Litekeena da ume batzuk ere elkarteren batera joatea, baina gehienek etxeetan egingo dute eguerdiko otordua. Eta hori eskertzekoa da. Herritarren laguntzarekin da posible Haurren Eguna antolatzea", dio Irizarrek. Udalak emandako laguntza ere eskertu dute Oñatzeko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak