Autorik gabeko nazioarteko eguna da irailaren 22a eta horren bueltan Mugikortasun Asteak antolatu ohi izan dira herri baten baino gehiagotan. Oñatikoa zapatuan hasiko da birzikleta azokarekin. Gaur eta bihar batuko dituzte azokara eramango dituzten bigarren eskuko bizikletak, azokako beheko solairuan. Azoka bera zapatuan egingo da 10:00etatik 13:00etara, Foruen plazan.
Bizikletak konpontzeko tailerrak ere antolatu dituzte Mugikortasun Astearen barruan. Datorren astean egingo dituzte Baibike-ren eskutik eta bizikletei konponketa txikiak nola egin ikasteko tailerrak izango dira. Lehenengoa irailaren 21ean izango da, 17:00etatik 20:00etara, gaztelekuko sotoan; bigarrena tokia eta ordu berean irailaren 22an. Batean edo bestean parte hartu gura duenak izena eman behar du aurretik eta horretarako bideak dira: iiglesias@onati.eus edo 943 78 04 11. Irailaren 22an, gainera, 06:00etatik 21:00etara, autoak ezingo dira herrigunean ibili. 05:45etik 09:00etara, bestalde, gosaria eskainiko zaie lanera edo eskolara bizikletan doazenei.