Jeltzaleek diote bidalitako prentsa oharrean proiektu biak uda aurretik martxan jartzeko eskaera egin ziotela Udal Gobernuari, "herritarrek udan aisialdi eta kirol aukera berriez gozatzeko aukera izan zezaten" baina biak "geldirik" daudela.
EAJko kideek diote "aurrekontuetan aurkeztutako bi proiektu horiek herritarrek egindako proposamenetatik jasoak" izan zirela. Proiektuek helburua "oñatiarrei kirol eta aisialdirako eremu berriez gozatzeko aukera" ematea dela diote eta ez dutela ulertze zergatik ez diren gauzatu.
Datorren urtean gauza bera gerta ez gertatzeko, jeltzaleek proiektua lantzen eta aukerak aztertzen hasteko laguntza eskaintzen diote Udal Gobernuari. “San Martingo eremuari dagokionez, gure proposamena zen haurrentzako jolastokia ezartzeaz gain, ibiltzeko eta korrika egiteko zirkuitu iraunkorra eraikitzea, noski guneari dagokion babes ekologiko berezia ziurtatuz, espazioari etekin handiagoa ateratzeko eta herritarrei aisialdirako eta kirola egiteko aukera berriak eskaintzeko. Proiektu honek zuhaizti artean korrika egiteko, kirol praktika aire zabalean sustatzeko eta berdeguneaz familian gozatzeko aukerak eskainiko lituzke” azaldu dute. Eta gaineratu: "Jakin badakigu, proiektu honen aurkako zein aldeko iritziak daudela, baina gobernuari dagokio alde guztiekin hitz egitea eta herritar askoren eskaerari erantzunez, aukera ezberdinak aztertzea eta irtenbideak bilatzea".