Eguraldi txarraren ondorioz beste urte batzuetan baino gutxiago, baina kontuak kontu, 160 pertsona inguru elkartu dira gaur Lizargarate Eguna ospatzeko. Urtero bezala, Aurreko Mendiko Lizargarate gunea izan da topalekua, eta oñatiarrek, antzuolarrek (Oñatik Antzuolarekin duen muga inguruan egiten da festa) eta beste herri batzuetatik joandakoek egin dute bat bertan.
Askotariko herri kirolekin hasi dute eguna, eta aurten, berrikuntza moduan, bola-jokoan ere ibili dira. Antzuolar bat izan da txirloak botatzen finen ibili dena, baina oñatiarrek hartu dute errebantxa. Urtero moduan, bazkalorduan, urdaiazpiko baten pisua nork asmatu ibili dira apustuan, eta azkenean, oñatiar bat izan da gehien gerturatu eta urdaiazpikoa etxera eroan duena.
Lizargarateko elkarteak eta Lizargarate Trikitizale elkarteak antolatutako eguna izanik, trikiti doinuek ez dute hustik egin, eta hala, bazkalostean hasi eta ilundu arte, erromeria giro bikaina izan dute Laja eta Lutxurdiorekin.