712 milioiko salmentak egin zituen iaz Ulmak, %7,1 gehiago

Leire Kortabarria 2016ko abu. 29a, 08:00
Ulma Piping-en lantegian.

2015eko ekitaldia oso ona izan da Ulma Taldearendako; 712 milioiko salmenta kontsolidatuak egin zituen, aurreko ekitaldian baino %7,1 gehiago. Horrela nabarmendu du Ulma Taldeko zuzendari orokor Iñaki Gabilondok iazko ekitaldiaren berri jasotzen duen txostenean.

Mondragon Korporazioak argitaratu duen Ulma Taldearen txostenean, honako beste zifrak batzen dira: nazioarteko salmentak %5,7 handitu ziren, 540 milioi eurotaraino, eta produktu eta zerbitzu salmenten %76 dira. Barne merkatuan, 172 milioiko salmentak egin zituen Oñatiko talde industrialak, %13 gehiago 2014an baino. Nabarmentzekoa da azken zortzi urteetan lehenengo aldiz, barne-salmentak handitu egin direla urte batetik bestera. Hala ere, oraindik 2007an lortutako 376 milioiko zifratik urruti daude.

Emaitza bateratuetan, 18 milioiko mozkina lortu zuen iaz Ulmak, 2014ko lorpenak errepikatuz. Horrenbestez, bost urte jarraian lortu ditu Taldeak emaitza positiboak. Gabilondoren esanetan, “nazioartekotzearen aldeko apustu indartsua, lehiakortasunari gastuak txikituz eman zaion bultzada, berrikuntza eta bezeroaren eskakizunei egokitutako produktu eta zerbitzuak hobekuntza garrantzitsua izan dira negozioen marjinari dagokienez”.

2014an baino 100 langile gehiago

Enpleguari dagokionez, 2015 bukaeran, 4.396 langile zituen Ulma Taldeak, 2014an baino 99 gehiago. Horetatik lan-bazkide ziren %80 baino gehiago. 90 langile zeuden birkokatuta, gehienak Fagor Etxetresnetatik.

Finantza ikuspuntutik, egoera saneatuan dago Ulma Taldea. Hala, zor finantzario garbiaren eta EBITDAren arteko ratioa 1,8 zen. Horrek adierazten du zor maila egokia duela eta zorpetzeko gaitasuna duela. Horrez gain, bankuekin 314 milioiko finantzaketa akordioa egin zuen iaz, etorkizuneko apustua indartzeko.

Urte bukaeran, 30 milioi gehiagoko inbertsioak eta 107 langile gehiago

2016rako, Ulma Taldeko negozioek nazioarteratzean, berrikuntzan eta promozio aktibitate berrietan oinarritutako zabalkunde eta hazkunde planarekin jarraituko dutela jakinarazi du Iñaki Gabilondok. Eta honakoa gaineratzen du txostenean: “Inbertsio mailan hazkunde garrantzitsua aurreikusten du Ulma Taldeak; inbertsioak 84 milioi baino gehiagokoak izango dira, eta enpleguan ere hazi egingo da Taldea. 2016ko salmentek oraindik ez dute ahalegin horren eragina islatuko, eta 700 milioi baino gehiagokoak izatea espero da, nazioarteko salmenten protagonismo handiarekin”.

Urte bukaerarako aurreikuspenak zifra zehatzetan jasotzen dira txostenean. Hala, 687 milioko salmentekin bukatzea espero du Ulmak, horietatik 535 nazioartean. Inbertsioek gorakada handia erakusten dute, iazko 52,8 milioietatik aurtengo 84,9etara. Kutxako fluxua 79,6 milioikoa izango da urte bukaerarako, iazko oso antzeko zifra. Eskaera-zorroari dagokionez, 147,5 milioi eurokoa izango da; iazkoa 130,8 milioikoa izan zen. Aurtengoa da azken urteotako zifra onena. Azkenik, enpleguan ere gorakada nabarmena espero da, 4.486 langilerekin, aurten baino 107 gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak