Gaztetxeari dagokionez, beheko komuneko leihotik –sarrerako ate ondoan dagoena– sartuko zirela uste dute gaztetxeko kideek. Izan ere, ez zegoen sarrailarik apurtuta eta zabalik zegoen leiho bakarra zela diote. Gainera, lapurtu duten guztia bertatik sartzeko modukoa dela ere baieztatu dute. Lekuko batzuen arabera, 2:00ak aldera izan da lapurreta.
16:00etarako asanblada deitu dute, gertatu dena aztertu, balorazio bat egin eta mota honetako gertaerei nola aurre egin erabakitzeko.
Bestalde, gazteen lokal batean ere lapurtu dute, leiho bateko barroteak apurtuta, Olakua auzoan. Udaltzaingoak baieztatu duenez, lokal horretara sartzen diren bigarren aldia da, urtebetean. Oraingoz, udaltzaingoak ezin izan du konfirmatu ze material lapurtu duten.