“Arrazoi pertsonalengatik” utzi du Miren Elgarrestak zinegotzi kargua Oñatiko udalbatzan; posizioko bozeramaile kargua ere berak izan du azken urtebete honetan. Nekane Maiztegik izango da bere ordezkoa, bozeramailea, aldiz, Lourdes Idoiaga izango da ziurrenik, oraindik erabakita ez duten arren.
EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin onartu zuen atzo Oñatiko udalbatzak Zubietako errauste plantaren proiektuaren kontrako mozioa. Bi alderdiak, hala ere, ados agertu ziren hiru ideia hauetan: hondakinak gaika batzeko sistema ezberdinen bidez %80ko bilketa lortu dela; Debagoiena eredu izan dela eta Gipuzkoako beste bailara askotan denbora galdu dutela azken urte hauetan eta prozesuari itxiera eman behar zaiola.
ESAITen aldeko mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak, adieraziz AEK, Ikastolen Elkartea, Bertsolari Elkartea edo Pilota Federazioa dauden bezala, euskal selekzio bat posible dela. ESAITek antolatzen duen mendi martxari ere atxikimendua eman zion udalbatzak; abuztuaren 2an, Oñatin bukatuko da martxako etapa bat eta Zubikoan egingo dute lo parte-hartzaileek. Hurrengo egunean Oñatitik Gatzagara joango dira.
Galde erreguen tartea emankorra izan zen atzoko osoko bilkuran. Kale Zaharreko biztanleen izenean joandako lau herritarrek herriko alde horretan dituzten kezkak zeintzuk diren jakinarazi zieten udal ordezkariei. Zarata eta mugikortasun arazoak dituztela esan zuten, azken 30 urtetan dituzten arazo berdinak egun konpondu gabe jarraitzen dutela eta arazoei irtenbidea emateko eskatu zieten. Orain arte moduan lanean segitzeko prest egongo direla eta bilera eske jarraituko dutela ere adierazi zuten.
Alderdi biek hartu zituzten auzotar horien eskaerak eta gaia tratatu duten arren behin betiko erantzunik ez dutela aitortu zien Mikel Biain alkateak. Zarataren gainean, sisteman arazo teknikoak badaudela esan zuen Biainek eta mugikortasunari buruz, zorroztasun maila ez dela izan beharko litzatekeena aitortu zuen. EAJko batzorde iraunkor bat sortzea proposatu zuen, hirigintzako teknikariek, udal ordezkariek eta auzotarrek osatuko dutena. Opor ostean gaiari helduko diotela adierazi zuen alkateak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!