Iban Perez, Gipuzkoako Triatloi Federazioko presidente izateko hautagai

Xabier Urtzelai 2016ko uzt. 21a, 17:10

Iban Perez –erdian– Aloña Mendiko Triatloi Taldeko aurkezpenean, aurtengo otsailean.

Iban Perez oñatiarra kirol zale amorratua da, eta zehazki, triatloia du pasio. Bada, kirol horren aldeko lanean beste pauso bat eman –Oñatiko triatloiko antolatzaileetako bat da– eta Gipuzkoako Federazioko presidente izateko hautagaitza aurkeztu du: "Gipuzkoakoa federazio txikia da, familia bat gara, eta erreleboa hartzeko ordua da".

Xabier Oianeder 30 urtez izan da Gipuzkoako Triatloiko Federazioko presidente, eta erreleboa hartzeko erabakia hartu du Iban Perezek: "Oraindik ez da ofiziala, hautagai bakarra naiz, eta oraindik gainontzekoek helegiteak aurkez ditzakete. Bada, bestelakorik ez badago uztailaren 24an egingo da ofizial nire izendapena, baina irailera arte ez dut kargua hartuko", adierazi du Aloña Mendiko Triatloi Taldeko ordezkariak.

Egitekoen artean, Oñatikoak lehenengo kargua hartu gura du, eta gero gauzak egiteko ze aukera dagoen aztertu. Baina, garbi ditu ideia batzuk: "Aipatu moduan federazio txikia gara, eta baliabide aldetik muga handiak ditugu. Baina, hasteko, gurako nuke Gipuzkoan ditugun taldeen artean –37– komunikazio kanalak hobetzea, eta gure arteko hartu-emana estutzea. Horrekin batera, gaur egun lasterketetako antolatzaileek zailtasun eta oztopo handiak izaten dituzte lasterketak antolatzeko, eta ikusi egin behar da federaziotik zer egin dezakegun oztopo horiek txikitzeko. Horrekin batera, gazteak triatloira erakartzen ahalegindu behar gara, egun kadete eta gazte mailan 12 ordezkari baino ez daude, eta hor badugu zer landu. Eta amaitzeko, emakumezkoen parte-hartzea ere sustatu egin beharko genuke federaziotik".

Iban Perez Antxintxiketan eta Abixaran atletismo taldeko kide ere bada, eta baita GOIENAko kolaboratzaile ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak