Oñatikoa moduko klub txiki batendako ez da nolanahiko meritua, beste urte batez, Espainiako Txapelketan ordezkaritza izatea, eta oraingoan Diazek eta Ugartek igerilari handien ondoan egin ahal izan dute igeri; esaterako, Olinpiar Jokoetan egongo diren Mireia Belmonterekin eta Markel Alberdirekin, hain zuzen ere.
Lan ona eginda
Txapelketan parte hartzearekin konformatu barik, Aloña Mendiko ordezkariek lan ona egin zuten, eta gustura bueltatu ziren han egindako lanarekin; besteak beste, aurretik marka hobeak zituzten igerilari asko atzean utzi ahal izan zituzten. 50 metroko seriean txukun jardun zuten biek –junior mailan lehiatu ziren biak–. Diazi dagokionez, 200 metroko bizkar lasterketako azken metroetan behera egin bazuen ere, 100 metroko bizkar estiloan Diaz finaletatik oso gertu egon zen –bi postu falta izan zitzaizkion–.