Eurek bakarrik, edo bertsolariekin batera; soilik ahotsez, edo musika instrumentuen laguntzarekin; askotariko neurri, doinu, molde eta ariketekin, munduan zehar ahozko inprobisazioak dituen aldaera desberdinak ezagutzeko aukera izan da Oñatikoa.
Jendeak gustura jaso zuen munduan, zentzu honetan, egiten denaren berri, eta atentzioz jarraitu zituen Atzeko kalean, Portuko plazatxoan, San Anton plazan eta plazako aparkaleku izandakoan egindako saioak. Eta baita ondo pasa ere, kuriositatea asetzeko aukeraz gain, barrerakoa ere izan baitzuten maiz, umorez jardun zuten-eta artistek.
Kanpoko inprobisatzaileek bakoitzak bere hizkuntzan jardun zuten, eta garrantzitsua izan zen itzultzaileen lana ere; inprobisatzaileek eurena esan eta gero, itzultzaileek errepikatzen zuten euskaraz aurrekoek esandakoa. Hori izan zen saioaren beste osagai bat, askotariko hizkuntzak entzuteko aukera.
Bertsotan, Alaia Martin, Julio Soto, Ane Labaka eta Miren Amurizak jardun zuten, besteak beste.