Donostiatik Oñatira mugituko da gaur, egubakoitza, Europa bat-batean topaketaren gunea. "Egia da aste guztian zehar Donostian egin ditugula Kantu Inprobisatuen Nazioarteko topaketaren saio guztiak gaina egubakoitzean Oñatin izango gara. Hango bertso eskolako kideekin batera kalejira polita egingo dugu", adierazi du Mintzola elkarteko Esti Esteibarrek.
Topaketan parte hartzen ari diren herrialde guztietako ordezkariak izango dira, gainera, gaur Oñatin: Austria, Euskal Herria, Gales, Katalan Herriak, Kuba, Mexiko eta Zipre. Euskal Herriko ordezkariak izango dira: Alaia Martin, Amets Arzallus, Ane Labaka, Julio Soto eta Miren Amuriza.
Geldialdiak
Oñatiko bertso eskolako kideak ere eurekin batera ibiliko dira kalejiran. "Garagardo azokan eta Boga, Bizipoz eta Ona taberna aurreko plazatxoetan egingo ditugu geldialdiak", aurreratu du Mirari Sagarzazuk.
Donostia 2016 ekimenak eta Mintzola elkarteak antolatu dute topaketa hau eta elkarte horrek Oñatiko bertso eskolarekin eta Udalarekin duen harreman onagatik erabaki dute Oñatira etortzea. "Hiriburutik herrialdera zabaltzea ere gura genuen topaketa hau eta Oñati aukeratu dugu. Eguneko gidoia, prestaketa, bertako bertso eskolakoek egin dute, gaiak ere eurek prestatu dituzte. Beti egoten dira laguntzeko prest, oso harreman ona dugu eurekin", dio Mintzolako Esteibarrek.
Aste barruan Donostian egin dituzten ekitaldi ia guztiak oholtza gainean egin dituzte, Aquariumean eta Tabakaleran esaterako, eta Oñatin egingo dute kaleko lehen saioa. "Mexikon, Zipren, Mallorkan eta Kuban, gainera, kalean bakarrik lantzen da bat-batekotasuna eta ederra izango da saioa", dio Esteibarrek.