Aurten hamar urte beteko ditu Aloña Mendik antolatzen duen Garagardo Azokak. Bihar emango zaio irekiera eta domekara arte egongo da zabalik. Eskubaloi sailak zabalduko du azoka eta saskibaloi sailak itxiko. Urteurrena dela eta, elkarteko intsignia duen pitxer bereziak egongo dira. "Urtero moduan, nahi duenak etxera eraman ahal izango du pitxerra eta bestela bertan utzi. Lau euro balioko ditu eta itzuli ezkero, lau euro horiek bueltatuko zaizkio kontsumitzaileari", dio Anton Inza Aloña Mendiko presidenteak.
Hamar garagardo desberdin egongo dira eta urteroko menua izango da, ukondoa, saltxitxak edota oilaskoa.
Elkarteko hamar bat sail arituko dira lanean lau egunetan. Aurten, futbol sailak ez du lan egingo. Diruari dagokionez, Inzak adierazi du azkenaldian ez duela "askorik" ematen eta azokaren beraren gastuak ordaintzeko erabiltzen dela bertatik ateratakoa.
Emanaldiak
Uztailaren 15a, egubakoitza, Europa bat-batean nazioarteko kantu inprobisatuaren emanaldia izango da karpan herriko zenbait tabernetatik -Bizipoz, Boga eta Ona– igaro ostean, 19:00etan hasita. Zapatuan, berriz, herriko gaztetxoendako bakarrizketa.