Sailkapenei dagokionez, gizonezkoetan Beñat Arnaiz aretxabaletarra izan da azkarrena (25:10eko denbora), Miguel Angel Encina (25:19) eta Tasio Gomezen (25:26) aurretik. Arnaiz lasterketa buruan ibili da, bakarka ia lasterketa osoan zehar, eta lehenengo posturari eutsi egin dio, ia hasieratik bukaerara arte. Atzetik tropelean lehia estua egin da podiumeko beste bi postuetarako, baina azken txanpan Encinak eta Tasio Gomezek estutu egin dute. Lehenengo oñatiarra helmugan Iñaki Arriaran izan da, bosgarren postuan
Emakumezkoei dagokionez, hiru oñatiar izan dira lehenengo hiru azkarrenak. Edurne Elkoroiribe izan da azkarrena (31:08), Miren Josune Bikuña (31:57) eta Marisol Ramosen (32:08) aurretik. Hiruen artean lehia polita izan da Torreauzoko errepideetatik, baina Elkoroiribek azken kilometroan gogor jo du, eta aurkariak aise utzi ditu atzean. Oñatiarrak bigarren urtez jarraian irabazi du Torreauzon.