Udaleku irekietan ez dute entzierrorik egingo

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko eka. 25a, 10:16

Joan den urteko apar festan (Argazkia: Txaloka)

Astelehenean hasiko dira, arte udalekuekin eta kirol kanpainarekin batera . 411 ume ibiliko dira eta zaharrenek kanpaldia egingo dute Garaionen.

Ikasturtea bukatuta, astelehenean hasiko dira herriko ume eta gaztetxo asko udako eskaintzaz disfrutatzen. Hala, udaleku irekiak, arte udalekuak eta udako kirol eskaintza ekainaren 27an hasiko dira eta Txaloka ludotekak gidatzen dituen udalekuetan dago aurtengo berrikuntza nagusia, umeek ez baitute San Fermin Eguna ospatuko.

Udaleku Eguna

Horren ordez, Udaleku Eguna egingo dute. "Arrazoi ezberdinak egon dira egun hori kentzeko. Batetik, animaliak jaietan jasaten duten tratua dago, bai. Bestetik, ikusten genuen ez dela Oñatin egiten den jai bat. Baina begiraleen esku utzi genuen gaia. Eurekin egindako formazio bileretan San Fermin Eguna ez egitea erabaki zen eta Udaleku Eguna antolatzea horren ordez. Egun horretan zer egin umeek eurak erabakiko dute: txorimaloak atera, altxorraren bila ibili, ur jolasak egin... Entzierrorik ez dela egongo eta horren ordez zer egin gura dutenari buruz, aurrez berba egingo dute begiraleek umeekin, eta gaia lantzen joango dira", adierazi du Txaloka ludotekako begirale den Oihana Ugartek.

Lau urtetik hamaika urte arteko 411 ume ibiliko dira aurtengo udaleku irekietan, 49 hezitzailerekin batera. Aurreko urteetan bezala, adinaren arabera kolore ezberdinetako sei talde handitan egongo dira banatuta. Txikienek gaztelekua izango dute topaleku eta handienek, berdura azoka. Apar festa, body-paint, ur jolasak, ipuinak, ukendu tailerra, ibilaldiak eta antzerkia egingo dituzte, besteak beste. Zaharrenek, egun bateko edo biko kanpaldia egingo dute Garaionen. Umeak arropa erosoarekin joateko gomendioa egin dute begiraleek.

Arte udalekuek egutegi eta ordutegi bera izango dute: ekainaren 27tik uztailaren 22ra, 10:00etatik 13:00etara. Bidebarrieta kalean dagoen eskulanen lokalean izango dira udaleku horiek. Hamabi gaztetxok eman dute izena eta bi irakasle egongo dira eurekin.

Kirola

Kirol kanpaina ere astelehenean hasiko da, baina abuztu bukaerara arte iraungo du. Lau txanda egongo dira aurten ere. Lau urtetik hamasei urte arteko 732 umek eta gaztetxok eman dute izena udako kirol eskaintzan. Hamazazpi aukera ezberdin daude eta guztira 1.203 saio egingo dituzte, ume askok kirol bat baino gehiago aukeratu du-eta. Horiez gain, helduen patin ikastaroan izena eman duten herritarrak leudeke.

Udarako kirol eskaintza honetan, baina, tokia dago oraindik edozein txandetako saio baten baino gehiagotan. Astelehenean bertan izena emanez gero, gainera, aukera egongo da lehen txandan ere parte hartzeko. Kiroldegian eman behar da izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak