Aurtengoa Udanako auto igoeraren XI. aldia izango da. Ohikoa den moduan, bi auto mota egongo dira lasterketan: plaza bakarrekoak eta karrozeriak edo turismoak.
Goizean, egiaztapena
10:30ean autoen egiaztapen administratibo eta teknikoak egingo dituzte Oñatiko plazan. Aukera ona izango da auto zaleendako autoak bertatik bertara ikusteko –13:15ak arte egongo dira ikusgai–.
12:45ean Udanako errepidea itxi egingo dute eta ondoren autoak plazatik abiatuko dira karabanan Olabartara, Udana mendatearen hasierara. Lehenengo entrenamendu saioa egingo dute 4,6 kilometroko ibilbidean, eta ondoren txanda ofizialak jokatuko dituzte. Sailkapena egiterako orduan bi txanda ofizial horiek hartzen dituzte kontuan. Hiru minutu baino zerbait gutxiago behar izan dituzte gidariek Udanako mendatea igotzeko –iaz Aitor Zabaletak 2:49 egin zuen–.
Autoak banan banan igoko dira, 30 segundoko aldearekin irtenda. Behin denak gora igotakoan, elkarrekin jaitsiko dira berriro ere irteera puntura.
Faborito nagusiak
Plaza bakarreko autoetan Aitor Zabaleta bergararra izango da faborito nagusia; turismoetan, aldiz, Iban Tarzicio eta Bruno Scherer izango dira faboritoak, besteak beste.
Sari banaketa 20:00etan hasiko dute Oñatiko plazan. "Iaz oso eguraldi txarra egin zuen eta istripu asko izan genituen; ondorioz, asko luzatu zen sari banaketa. Ea ba aurten zortea dugun eguraldiarekin", azaldu du Julen Altuna antolatzaileak.
Hainbat sari banatuko dituzte: Oñati Saria, auto klase bakoitzeko lehenengoari saria –10 klase izango dira–, plaza bakarreko autoetan lehenengo saria, karrozeria autoetan lehenengo saria, emakumezko onenari saria, eta gazte mailako saria.
Mendate hasieran ordaindu egin beharko da
Udanara sartzeko ordaindu egin beharko da –zapatu goizean hasiko dira kobratzen–: "Behean eta goian egongo dira sarrerak. Udanara sartu gura dutenek 10 euro ordaindu beharko dute, lasterketa ikusten geratu edo ez. Lasterketa ikustera geratzen ez denari, mendatearen beste aldetik irteterakoan itzuliko zaizkio 10 euroak", dio Altunak. Hau da, goian ordaintzen duenari behetik irteterakoan itzuliko diote dirua; eta behean ordaintzen duenari goitik irteterakoan.
Segurtasuna eta ingurunea errespetatu
Udanako igoerako antolatzaileendako segurtasuna ezinbestekoa izango da: "Zinta gorria eta komisarioek diotena errespetatzea eskatzen dugu", dio Altunak. Zinta gorriaren atzean ikuslerik ezin dela jarri gogora ekarri gura dute; batez ere, ikusleen segurtasuna bermatzeko.
Bestetik, autoen proba mendian egingo denez, antolakuntzak azaldu du hori kontuan hartzeko eta ingurunea errespetatzeko. "Mendia garbi utzi eta hondakinak jaso", diote.
Debagoieneko pilotuak
- Monika Muñoz
- Jagoba Txintxurreta
- Xabier Elgarresta
- Josu Agirre
- Jose Mari Campos
- Urtzi Samaniego
- Julen Altuna
- Asier Samaniego
- David Ardions
- Asier Mugarza
- Aitor Zabaleta
- Markel Cestafe
- Aitor Frutos
- Gorka Idigoras
- Mikel Fernandez de Arroiabe
- Gorka Urrutia