Urtero bezala, hainbat ekitaldi egongo dira San Juan bezperan, ekainaren 23an. Urteroko dantza ekitaldiaz gain, aurten berritasun bat ere egongo da. Izan ere, Irazan taldeak San Juan suaren jatorriaren eta mitologiaren gaineko 10-15 minutuko antzezlan bat eskainiko du gaueko ekitaldiaren hasieran, 22:30ean, plazan.
Hori baliatuta, sua piztuko da eta ondoren dantza ekitaldiari hasiera emango zaio. San Juan dantza, fandangoa eta arin-arina egingo dituzte. "Soka dantza ere egin izan dugu, baina aurten ez dugu dantzatuko", dio Axier Alonsok, Oñatz dantza taldeko kideak. Nabarmendu du 40 bat dantzari inguruk hartuko dutela parte.
Horrez gain, gerturatzeko dei egin die herritarrei. "Oso egun polita izaten da, eta plaza beteta egongo dela uste dugu", azpimarratu du, baikor.
Dantza ekitaldia bukatzean, Herria Dantzan taldearen eskutik dantza herrikoiak ikasteko eta dantzatzeko aukera egongo da. "Herritarrak dantza egitera animatzea da asmoa, guztion artean momentu on bat pasatzea", adierazi du Alonsok.
Pintxo-pote tematikoa
Gaueko ekitaldiaren aurretik, arratsaldean ere zenbait ekitaldi egongo dira San Juan bezperan.
18:30ean buruhandiak eta erraldoiak egongo dira herriko kaleetan zehar.
Horrez gain, pintxo-pote tematikoa ere egongo da. Izan ere, San Juan bezpera eguena da eta pintxo-potearekin bat egiten du. Horregatik, herriko tabernekin adostu ostean, hauek San Juanekin lotutako pintxoak –formaren bat emanda edota izenen bat jarrita– egingo dituzte.